Garalur erronka berriei begira jarri da

Guaixe 2015ko mai. 14a, 19:24

Cederna-Garalurren aurtengo aurrekontua aho batez onartu zuen, hilaren 7an Irurtzunen egindako batzarrean. Jose Mari Aierdi presidenteak azaldu zuenez, zorren amortizazioa bilatzen du elkarteak, eraginkortasuna hobetzeko. Garalurreko gerente berriak aurtengo lan plana aurkezterakoan Ibon Mimentzak Landa Garapenerako Programan aldaketak izanen direla gogora ekarri zuen. 207-2013ko epeko proiektua itxiera eta programa berria martxan jartzeak markatzen dute 2014 eta 2015 urteak, Mimenzak trantsizio urtetzat jo zituenak.

Garalurren aurrera begirako asmoen artean daude eskualdeetara gerturatzeko prozesuan sakontzea. Erakundea bera azken urteetan berregituratu egin da eta, aldi berean, tamaina lurraldera egokituko du. Batzar berean Garalurrek bere Berdintasun Plana onartu zuen. 2012an hasi ziren lantzen eta besteak beste jaso du, esaterako, elkartearen gobernurako organoen berdintasunezko osaketa eratzeko konpromisoa. Mimenzak esan zuenez, “berdintasun plana, genero berdintasuna erakundean integratzeko tresna egokia da, jakinik ere nekazal munduaren garapena emakumearen parte hartzearen eskutik datorrela, baita landa eremuko botere egituretan gizon-emakumeen parte hartze orekatutik ere”.

Estatutu berriak
Aurreko ostegunean erakundearen estatutu berriak eta Cederna-Garalur Garapen Partzuergo gisa egituratzeko asmoa onartu ziren. Azken horrek Mendialdean izan daitezkeen turismo arloko kudeaktea eta promoziorako ekimen berriak lagundu eta babesteko aukera emanen dio Garalurri. Horrela, Mendialdean desagertu diren turismo partzuergoen hutsuneari aurre egin nahi zaio.