Elkar ezagutzan urtzen

Guaixe 2015ko mai. 14a, 14:43

Irurtzungo, Uharte Arakilgo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko hainbat jatorritako 40 bat pertsonek bat egin zuten kultur arteko txangoan igandean. Haien artean guraso asko, amak batez ere. Ekuadordar, marokoar eta etxarriarrek elkarrekin Uharteko Zamartze ermita bisitatu zuten lehenik. Gidaren azalpen guztiak jaso ondoren, Lakuntzako San Sebastian ermitara jo zuten. Animatuenak eguzkipean eta bero handiari aurre egiten pasiatzen joan zen, beste batzuk autoz.

Ermitan hamaiketakoa hartu eta haurrekin naturako gauzen bilketa egin zuten. Harriak margotzen ere aritu ziren. Hangoak despeditu ondoren Arruazura jo zuten. Oinez batzuk, autoan besteak. Iturgain elkartearen ondoko belardian bazkaldu zuten eta, musika lagun, jolasten eta loreak aldatzeko tailerrean aritu ziren. Ibaian freskatzeko aukera izan zuten. Elkar agurtu aurretik guztiendako dominak izan ziren, guztiak elkar ezagutzan irabazle izan baitziren. Urtean gutxienez bi txango antolatzeko eskaera luzatu zioten parte-hartzaileek Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko teknikari Bego Zestauri. Heldu den urterako plangintza berrituko zutela aurreratu zien.