Etxarri Ardoiren gainetik pasa zen

Guaixe 2015ko mai. 18a, 09:00

Altsasuk ezin izan zuen irabazi.

Erregional maila. 33. jardunaldia: Ardoi 2 – Etxarri 4 / Altsasu 2 – Itaroa 5

Etxarri Aranatz Zizurren aritu zen, Ardoiren kontra. Lehen zatian Ardoik dominatu zuen. Zizurko taldea berehala aurreratu zen, baina Etxarrik berdintzea lortu zuen Javierri esker. Atsedenaldia baino lehen, hala ere, bigarrena sartu zuen Ardoik. Bigarren zatian gauzak goitik behera aldatu ziren. Zizurkoak kexatu ziren arbitroak oso erabaki polemikoak hartu zituela. Bitartean Etxarrik hiru gol sartu zituen, Gentza, Xabat eta Eduardori esker eta liderrak 2-4 irabazi zuen.

Altsasuk galdu
Altsasun, aldiz, 2-5 gailendu zen Itaroa Huarte. Huarte Iruñekoak hasieratik hasi ziren erasoan eta ordu erdirako 0 eta 3 aurreratzea lortu zuten. Atsedenaldia baino lehen Aitorrek Altsasuko lehen gola sartu zuen, bigarren zatirako erantzuna eman nahian. Baina bigarren zatian gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Itaroak laugarrena sartu zuen eta nahiz eta Aitorrek Altsasurendako bigarrena lortu, ez zen erreakzioa iritsi eta Itaroak bosgarrena sartu zuen. 2-5 galduta bukatu zen denboraldiko Dantzalekuko azken partida.

Sailkapen orokorrean Etxarri Aranatz liderrak 77 puntu ditu, Arrotxapea bigarrenari 11 aterata. Altsasuk 10. postuan jarraitzen du, 42 punturekin. Asteburuan ligako azken partida dago jokoan. Etxarri Aranatzek Lezkairu hartuko du eta Universidad de Navarraren kontra ariko da Altsasu.