Aritz Munarriz lehen sakandarra Zegama-Aizkorrin

Guaixe 2015ko mai. 18a, 10:54

Etxarriarrak 4 ordu laurden pasako denbora behar izan zuen mendi maratoi ezaguna burutzeko

Sakandarrak XIV. Zegama-Aizkorrin (42 km)
1.Tadei Pivk: 1:51:11
85.Aritz Munarriz: 4:46:31
96.Juanjo Goikoetxea: 4:52:38
125.Beñat Katarain: 5:02:08
184.Juan Felipe Lizarraga: 5:24:49
191.Alberto Razkin: 5:26:52
208.Joxeja Maiza: 5:31:24
329.Joseba Satrustegi: 6:10:54
336.Joxan Salgado: 6:13:56
360.Julen Arratibel: 6:26:21

Igandekoa azken urteetako Zegama-Aizkorri maratoi lehiatutakoenetakoa izan zen. Proba mitikoak 14 edizio bete zituen eta proba jarraitzera mendizale asko gerturatu ziren Otzaurtera, San Adrianera, Aratzera, Aizkorrira eta proba burutzen zen txokoetara, tartean sakandarrak. Azken 7 urtetan proba irabazi duen Kilian Jornetek azken unean parte hartzea erabaki zuen, Nepaletik itzuli berritan. Proba hasi eta berehala Ionut Zinca kokatu zen aurrean eta probako liderra izan zen tarte handi batean. Baina 20. kilometroan Kilian Jornetek eraso gogorra jo zuen eta Manuel Merillas, Tadei Pivk, Pere Rullan eta Aritz Egea bere atzetik atera ziren. Andraitzen Jorneten erasoa guztiz kontrolatu zuten bere arerioek, eta ihes egindakoen artean hasi zen borroka estua. 30. kilometrotik aurrera Jornetek urdail-hesteetako arazoak izan zituen eta ezin izan zuen garaipenagatik borrokatu. Hala ere, erretiratu ordez beste behin ere handia dela erakutsi zuen kataluniarrak, proba despeditu baitzuen, 23. postuan (4:19:20). Bestalde, probari dagokionez, bukaeran, jaitsiera gogorrean, Tadei Pivk italiarrak lehia estua izan zuen Manuel Merillas eta Pere Rullanekin, azken unera arte erabaki ez zena. Azkenean, italiarra gailendu zen (3:51:11). 36 segundora sartu zen Manuel Merillas leondarra eta 57 segundora Pere Rullan bartzelonarra. Emakumezkoetan Azahara Garcia izan zen txapelduna (4:41:23), sekulako sorpresa eman zuen 20 urteko Paula Cabrerizo madrildarraren (4:43:44) eta Oihana Kortazarren (4:44:57) aurretik.

Sakandarrei dagokienez, 9 iritsi ziren helmugara. Aritz Munarriz izan zen azkarrena, proba 85. postuan despedituz (4:46:31). Juanjo Goikoetxea uhartearrak ere lan bikaina egin zuen (96.a, 4:52:38). Gainonteko sakandarrek 5 ordu baino gehiago behar izan zituzten proba despeditzeko. Bestalde, Angel Arrieta erretiratu egin behar izan zen.

Kepa Paniagua Junior Trailean
Zegama-Aizkorri maratoiarekin batera Junior Trail proba jokatu zen (10,4 km), 16 eta 18 urte artekoendako. 46 korrikalarik osatu zuten proba eta Jan Margari gailendu zen (45:08). Kepa Paniagua urdiaindarra 40.a sailkatu zen 1:03:20).


Rubio eta Jimenez bikain Kilometro Bertikalean
Ostiral arratsaldean Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala burutu zen. 165 mendi korrikalarik osatu zuten Zegamatik Aitxurira igotzeko proba (3,2 km, 1.015 metro desnibela). Josep Viñas izan zen azkarrena (34:27). Bi sakandar aritu ziren. Mikel Rubio irurtzundarra 17. postuan sailkatu zen (39:16) eta Fidel Jimenez 34.a (41:37).