Apirilaren erdialdetik martxan dago Etxarriko Mediku euskalduna nahi dut kanpaina, Etxarri Aranazko osasun etxeko osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatzea da helburua. Etxarri Aranazko Udalak, EHEk, UEMAk eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak sustatu dute kanpaina. Herritarren eta erakundeen orain arteko harrerarekin pozik daude.
Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranazko osasun eskualdean euskarazko osasun asistentziarako eskubidea bermatzen ez duelako jarri zen kanpaina martxan. Hiru eskaera zehatz egin dizkiote foru administrazioari: osasun etxeko lanpostuak plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela; dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…). Sinatutako idatziak Nafarroako Gobernuari, Hizkuntza Eskubideen Behatokiari eta Arartekoari aurkeztuko dizkiote.
Non sinatu
Hiru eskaerak jasotzen dituen idatzia sinatu nahi duenak Etxarriko udaletxeko bulegoan, liburutegian, osasun etxean, eskolan, ikastolan, Leku Ona tabernan eta AEKn ditu. Gainera, larunbat honetan eta hurrengoan, Haurren Egunean eta Euskal Festan, plazan sinadurak biltzeko mahaiak ere jarriko dira.