Legegintzaldi berrian gazteriaren aldeko apustu konprometitua eskatu dute

Guaixe 2015ko mai. 21a, 19:37

Gazte taldea Irurtzungo gazte txokoan.

Toki erakundeetako eta Nafarroako Gobernuko gazteria arloko profesionalek 2011n onartutako Gazteria Legearen premiazko araudi garapena eskatu dute, “gazteria politka publikoak eraginkor eta erreal bihurtzeko”.

Gazteria arloan Nafarroan hurrengo legegintzaldian landu beharko liratekeen gutxienekoak zehaztu dituzte toki erakundeetako eta Nafarroako Gobernuko gazteria arloko profesionalek. Altsasuko gazteria teknikari Blanki Torresek esan digunez, “aurreko legegintzaldietan gertatu dena ez errepikatzeko eta talde politikoek Nafarroako gazteriaren bizi kalitate hobearen alde arduratsuago aritzeko deia da”. Gaineratu duenez, “krisiak larriki kaltetu duen gazterian inbertitzeko garaia orain dela uste dugu, gure gizartearen etorkizuna baita”.

Torresek gazteria teknikarien proposamenak aletu dizkigu. “Gazteria politikak kudeatuko dituen Nafarroako Gobernuak, gutxienez, krisi aurretik zuen 8 milioi euroko aurrekontua izan beharko luke. Herrialdeko aurrekontuaren %0,7ra handitzen joan beharko litzatekeela uste dugu, hau da, 25,9 milioira”. Gaur egungo aurrekontua 1,2 milioikoa dela nabarmendu du.

Antolakuntzaz
Teknikariek gazteriarena Zuzendaritza Nagusia izatea eskatu dute. “Lidergo funtzioa izan behar du gazteendako intereseko gaietan baita hezkuntza, etxebizitza, enplegu edo osasun arloetan ere. Lidergoa Gazteriaren Behatokiaren informazioan oinarritua egon behar du” zehaztu digu Torresek.

Toki erakundeetako gazteria zerbitzuei dagokionez, gobernuak haiek koordinatuko dituen sare egituratu eta funtzio jakinak dituen sortzea proposatu dute teknikariek. Baita udal eta mankomunitateetan gazteria zinegotzi karguak sortzeko erreztasunak emateko ere. Torresen arabera, “Gazteria Legea garatzeko gazteria planak eta diagnosiak egiteko laguntza beharrezkoa da. Horrekin batera, teknikariak kontratatzeko, programak garatzeko, ekipamendurako, Informazio Zerbitzuetarako edo gazte egoitzetarako diru-laguntzak berreskuratzea edo indartzea ere”.


Nafarroako gazteriaren argazkia
-    Nafarren %17,3k 14 eta 30 urte artean dituzte.
-    Gazteen arteko langabezia tasa %27koa da eta behin behinekotasuna %54koa.
-    Langabe gazteen %53,3k bere etorkizun profesionala atzerrian ikusten dute.
-    Unibertsitate ikasketak %38,4k dituzte eta graduondokoak %21,8k. Eskola uztea %13,3koa da.
-    30 urtez azpiko gazteen %76,5 gurasoen etxean bizi da, %14,5 euren etxeetan bizi dira eta %6,5 etxea partekatzen du.