Nafarroan une historiko baten atarian gaudela dirudi. Kalean sumatzen da. Azken urteetan UPNren kudeaketa-mota guztiz gainbehera etorri da eta hauteskunde garaian nafartasunaren txapeldunak bezala agertzen direnek zerbitzu publikoak suntsitu eta gure lurralde honen marka ia ezezaguna utzi dute. Hor dago, besteak beste, Nafarroako Aurrezki Kutxaren bukaera edota Osasuna (eta osasun zerbitzua) kolokan. Eta hau guztia, gainera, ustelkeria kiratsaz bustia.
Sakanan, ongi aski badakigu UPNk urte luze hauetan Nafarroan eraman izan duen politika eta kudeaketa. Politika baztertzailea erabat; gure bailara eta bere gizartearen gehiengoaren pentsamoldea eta izaeraren aurrean UPNren jokaera lurralde honetan zigor-politika bat aplikatzea izan da.
Oraingo honetan Geroa Baik hainbat aldiz posible izan ez den aldaketa burutzeko erronka dauka. Heldu da unea. Aldaketa ezin da gehiago luzatu. Nafarrok, eta batez ere Sakanan bezalako lurraldetan bizi garenok, den-denok, zentzuz eta egonarriz jokatu beharko dugu aldi honetan.
Horretarako, Geroa Bai koalizioan beharrezko tresnak ditugu: arlo sektorial bakoitzean beste politika mota bat egiteko neurriak dituen programa serioa; neurri horiek aurrera eramateko gai diren pertsonak eta honekin guztiarekin batera gizarte mailan Gobernu berri baten buru izateko pertsona paregabea: Uxue Barkos.
Horregatik, azkenik, aldaketa posible egitea bermatzen duen botoa Geroa Bai koalizioarena duzu. Aukeratu benetako aldaketa.