Sakanan bizi, lan, ikasi eta erosi nahi dugu. Herrietatik bailara eraikitzea da hautatu dugun bidea, herriok bakarka ezin duguna indarrak bilduz eginez. Herritarrak oinarri hartuta ezin bestean. Herritarron gehiengoaren behar, iritzi eta nahiak jaso eta parte hartze zuzenaren bidez eraiki nahi dugu Sakana. Gainontzeko nafarrekin batera, oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritutako jendartea da, harriz harri jaso nahi duguna: euskaraz bizitzeko eskubidea, gure ikurren errespetua, parekidetasuna, tokian tokiko garapen sozioekonomikoa, ingurumena zaindu, aberastasuna banatu, ezberdinen artean zubiak eraiki... tokian toki herritarrok erabakiz, herritik Udalerako eta Parlamenturako ibilbidea eginaz.
Nafarroan erregimen aldaketa daukagu jokoan eta honek zuzenean eraginen dio Sakanari bere egitasmoetan eta herritarron bizi baldintzetan. Hasiak gara udal eta Mankomunitatetik lan ezberdinak egiten, baina hobetzeko asko dago eta egiteko ideia berriak bildu ditugu, herri zein bailara mailako programetan. Auzolanez egin nahiko genituzke, ekarpenak jasoz eta parte hartu nahi duten herritarrak batzorde ezberdinetan egoteko ateak zabalduz, parez pare.
Euskal Herria herrietatik eraikiko da, eraikitzen ari da. Zeregin horretan, denok dugu zer esan, zer egin. Igandean bozkaren bidez jarraituko dugu aldaketa sozial eta politikoari haize ematen. Herritarrok garaile izateko, ametsa egia bihurtzeko, EH BILDUren bozka da zure aukera. Alkate hoberena, herria!