Josu Etxeberria bigarrena Villatuertan

Guaixe 2015ko mai. 26a, 11:57

Josu Etxeberria, aurreko lasterketa bat irabazi ondoren.

Iturmendiarra Oier Lazkano irabazlearengatik 53 segundora sartu zen

Larunbatean 28. Talleres Guro Trofeoa jokatu zen Villatuertan, kadeteen mailako 54 km-ko lasterketa. Zirauna taldeko Oier Lazkanok irabazi zuen (1:25:39), helmugara bakarrik iritsi eta gero. 53 segundora 2 txirrindulari sartu ziren, tartean Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Josu Etxeberria. Iturmendiarra probako bigarrena izan zen eta lehenengo urteko kadeterik onena. Tropela 1:03ra sartu zen. Tartean zeuden Intersport Irabiako Unai Lizarraga, 10.a, eta Quesos Albenizeko Ailetz Lasa, 12.a. Hodei Zia 24.a iritsi zen (1:28:45) eta talde bereko Oihan vinagre 30.a (1:30:19). Quesos Albeniz probako hirugarren talde onena izan zen.

Legazpian juniorren mailako lasterketa jokatu zen. Quesos Albenizeko Eneko Aramendia zazpigarrena sailkatu zen eta bere taldekide Asier Etxeberria hamabosgarrena.

Bestalde, eskola mailakoek proba izan zuten Tafallan. Ginkana probak belodromoan egin zituzten eta lasterketak Tafallan, haize bizia nagusi zela. Aralar eta Burunda klubetako txirrindulariek lan polita egin zuten.

Afizionatuek 54. Nafarroako Itzulia jokoan
Afizionatuek 54. Nafarroako Itzuia jokatuko dute asteburuan. Aurten bi etapa izango ditu itzuliak. Ostiralean Lizarte-Lizarra etapa jokatuko da (141,7 km) eta, larunbatean, Lizarran hasi eta Iruñean despedituko da lehia (147 km, Etxauri, Girgillano eta Belaskoain gainak tartean). Afizionatuen puntako tropela lehiatuko da bertan, Sakanako Rural Kutxa tartean.