146 ikasle Sakanako orientazio proban

Guaixe 2015ko mai. 27a, 08:51

Altsasuko Institutuko, Aguraingo eta Etxarriko Andra Mari ikastolako 146 ikaslek parte hartu zuten atzo, Arbizuko mendian antolatutako orientazio proban

Arbizuko Zubaat eta Sandindegi inguruek beste behin ikasleendako Sakanako orientazio proba hartu zuten atzo goizean. Sakanako eta Aguraingo ikastetxeek antolatu zuten, Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin. Altsasuko Institutuko 75 ikaslek, Aguraingo 45 ikaslek eta Etxarriko Andra Mari ikastolako 26 ikaslek parte hartu zuten, 146 ikaslek guztira.

Jarduera DBHko 4. mailako ikasleei zuzendua dago eta Andra Mariren kasuan 3. mailakoek hartu zuten parte. Orientazio probarekin ondoko helburuak bulkatu nahi dira: basoan segurtasunez ibiltzen ikastea, mapa bat interpretatzen jakitea eta baita iparrorratza erabiltzen ikastea ere. Aldi berean, aisialdian naturak eskaintzen dituen aukerak eta Sakanako naturguneak ezagutarazi nahi dira eta Sakanako eta gertuko ikastetxeen eta ikasleen arteko harremanak bulkatu.

Balorazio positiboa
Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak aipatu digunez, ongi joan zen orientazio proba. “Inoiz baino azkarrago bukatu zuten proba, baliza gehienak aurkitu zituzten talde gehienek, eta talde askok guztiak. Irakasleek adierazi digute aurten orientazio proba hobeto prestatzeko denbora gehiago izan dutela, saio gehiago egin dituztela ikastetxeetan, eta hori banaritzen dela” adierazi du Gerrikagoitiak, orientazio probaren balorazio positiboa eginez.