Mendi ibilbideen sarearen mantenua egiteko boluntarioak behar dira

Guaixe 2015ko mai. 27a, 10:54

GR-20a Sakanatik pasatzen da.

Interesatuek www.nafarmendi.org web gunean dute informazioa

Nafarroako mendi ibilbideen mantenurako hiru urtez diru laguntzarik eman gabe egon ondoren, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak eta oposizioak egindako lanari esker azkenean Nafarroako Gobernuak erabaki zuen aurten 35.000 euro bideratuko dituela Nafarroako mendi ibilbideen sarearen mantenurako. Jakina denez, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak egiten du lan hori, boluntarioen bidez, eta azken hiru urtetan gorriak eta bi ikusi ditu federazioak, lan hori burutzeko baliabiderik gabe. Mendi ibilbideen sarea deskatalogatzea ere egon zen mahai gainean. Nafarroako Gobernuak ez ditu azken hiru urteetan eman ez dituen laguntzak emango, soilik 2015erako partida ematea erabaki zuen apirilean, 35.000 euro –aurreko astean sinatu zuten hitzarmena Nafarroako Kirol Institutuko presidente Pruden Indurainek eta Nafarroako Mendi Federazioko buru Martin Montañesek–, eta diru horrekin mantenu lanak egingo ditu federazioak.

Nafarroan 4 Ibilbide Luze (GR 12, GR11, GR 20 eta GR 220) daude, ia 800 km osatzen dituztenak, tartean Sakanatik pasatzen direnak. Mantentze lanak GR-11, GR-12, GR-20 ibilbideetan eta mugaz gaindiko ondoko ibilbideetan eginen dira: GR-220 eta GRT-3, GRT-4, GRT-5, GRT-6, GRT-7, GRT-8, GRT-9, GRT-10, GRT-11, GRT-12 eta GRT-13. Ibilbide horien guztien markatze, homologatze eta hobetze lanak egin behar ditu federazioak. Diru laguntza berandu etorri denez, lanak antolatzeko denbora gutxiago du federazioak. Mantenu lanak egiteko boluntarioak behar ditu federazioak. Gero, jakina, boluntario horiek trebatu beharko ditu, mantenu eta markatze lanak behar bezala egin ditzaten.

Boluntario egiteko
Boluntario izan nahi dutenek www.nafarmendi.com web gunean izena emateko fitxa deskargatu beharko dute, fitxa hori bete eta ondoren info@mendinavarra.com posta elektronikora bidali. Boluntarioak federatuta egon beharko dute eta mantentze lanak egiteko gutxienez 2 urterako konpromisoa hartu.