Gure Esku Dago ekimenak irurtzundarrak, arakildarrak, lakuntzarrak eta altsasuarrak asteburuko Joste Egunetan parte hartzera deitu ditu. Dinamikako kideek erabakitzeko eskubidearen alde dauden pentsamolde ezberdinetako herritarrak elkartu nahi dituzte heldu den hilaren 21ean hiriburuetan eginen diren ekitaldietan. Haietan eskubide hori irudikatzen duten hautestontzi erraldoiak eraiki nahi dituzte. Horretarako, herriz herri oihal zatiak saltzen eta haiek marraztera animatzen ari dira Joste Egunen bidez.
Gure Esku Dagok irurtzundarrak eta arakildarrak bihar eguerdian Irurtzungo plazara joatera gonbidatu ditu. Lakuntzan igande eguerdian jarri dute hitzordua. Altsasun, berriz, hitzordua 12:30ean jarri dute Zumalakarregi plazan. Handik Foru plazara arteko kalejira abiatuko da. 13:00etan oihalak margotu edo apaindu eta elkarri josteko tartea izanen da. Asmoa da ordu baten bueltan hautestontzi erraldoi bat osatzea. Ekitaldia alaitzeko txaranga, gaiteroak, trikitilariak eta auzatea izanen dira. Bi herrietan Gure Esku Dago ekimeneko kideek kamixetak, oihalak eta garagarrilaren 21eko ekitaldirako sarrerak salgai jarriko dituzte.