Bizikleta festa bikaina igandean Altsasun

Guaixe 2015ko mai. 30a, 12:15

Mankomunitateak antolatuta, bizikleta ibilbidea, herri jolasak, tailerrak eta material trukea izanen dira 9:30etik aurrera Iortia plazan

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Immigrazio zerbitzuak bizikleta festa antolatu dute Altsasun, maiatzaren 31rako. Ekimena antolatzeko ondoko talde eta entitateen laguntza izan dute: Altsasuko Udala, Barranka Txirrindularitza Taldea, Berri Bikes denda, Muruzabal bizikletak eta Altsasuko, Urdiaingo eta Olaztiko ikastetxeak, Zelandi, Iñigo Aritza, Jesusen Bihotza, Domingo Bados eta Urdiaingo herri eskola, hain zuzen. Ekimena adin guztietako jendearendako prestatu da, baina 10 urtetik beheragoko neska-mutikoak lagunduta parte hartu beharko dute.

Bizikleta ibilbidea, herri jolasak eta tailerrak
Altsasuko Iortia plazan burutuko da bizikleta festa, maiatzaren 31n. Eguraldi txarra egiten badu, aldiz, Burunda pilotalekuan. Goizeko 9:30ean 2 orduko bizikleta ibilbide erraza prestatu da, ez lehiakorra. Kaskoa, mendiko bizikleta eta ogitartekoa eraman beharko dira, eta aurretik bizikleta puntuan jartzea eskatzen da. Ezingo da parte hartu aurretik izena eman gabe (Mank-eko kirol zerbitzua (948 464 866) edo immigrazio zerbitzua (648 070 710). Segurtasunagatik, partaide guztiek antolakuntzaren ibilbidea jarraitu beharko dute uneoro.

Ibilbidea egin ondoren, 11:30ean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailendako ikasleendako herri jolasak antolatu dira: zapiak, koskolak, soka saltoa… Aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoek bizikleta konpontzeko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute.

Kirol materialen trukaketa
12:30ean jostailuen eta kirol materialaren trukea egiteko aukera izango dute guztiek: patinak, raketak, bizikleak, patineteak, palak, baloiak, esku pilotak, eskiak eta beste trukatu ahalko dira. Gauza hauek guztiak ikastetxean jasoko dira aurretik, eta produktuak utzi dituztenek txartela jasoko dute egunean beste produktu batekin trukatzeko.

Eguna bikain bukatzeko, 13:00etan auzatea izanen da eta partaide guztien artean oparia zozketatuko da.