Rural Kutxako Victor Etxeberria bosgarrena Euskadiko Mikel Iturriak irabazitako Nafarroako Itzulian

Guaixe 2015ko eka. 1a, 11:25

Etxeberria lasterketako lehen nafarra izan zen eta Rural Kutxa bigarrena sailkatu zen taldekakoan

Ostiralean eta larunbatean jokatu zen afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia. Euskadi Fundazioko Mikel Iturriak irabazi du Itzulia (7:35:38), eta Lizarte taldeko Jorge Arcas bigarrena izan da, denbora berean. Bi txirrindulariek lehia estua izan zuten txapelketan, eta nahiz eta Arcasek bigarren etapa irabazi, Iturriarekin sprint estua jokatu eta gero, Iturriak sailkapen orokorrari eutsi zion. Denboraldi bikaina darama Jorge Azanza kirol zuzendari duen Euskadi Fundazioak: 14 garaipen eta probintzietako 3 txapelketa.

Rural Kutxa talde sakandarreko Victor Etxeberria 5.a sailkatu zen, 2:09ra, eta bere taldekide Josu Zabala 6.a, denbora berean. Talde sakandarra bigarrena izan da taldekako sailkapenean. “Saiatu gara eta azkenean 5. eta 6. postuak lortu ditugu eta taldekakoan bigarrenak izan gara. Ihesaldian nahi genituen txirrindulariak sartu ditugu eta guztia eman dute, baina ezin izan da. Egindako lanagatik zoriontzea, ez zaigu besterik gelditzen. Bide onean gaude, gaixotasunen eta azterketen ondoren oraindik ez gaude %100ean baina gertu gaude. Espero dezagun sasoia berreskuratzea eta aurki gorenean egotea” adierazi du Rural Kutxa-Seguros RGAko zuzendari Iban Latasak.