Iosu Etxeberria bigarrena eta Maialen Aramendia lehen emakumea Murietan

Guaixe 2015ko eka. 1a, 13:51

Maialen Aramendia probako lehen emakumea izan zen.

Kadete mailako XXIX. Luis Meoki Memorialean maila bikaina eman zuten sakandarrek

Igandean kadeteen mailako XXIX. Luis Meoki Memoriala jokatu zen Murietan (54 km). Arabarrak taldeko Andoni Lopez bakarrik iritsi zen helmugara (1:04:14), eta 9 segundora Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Iosu Etxeberria sartu zen. Etxeberria lehen urteko kadeteen sailkapenean lehena izan zen. Bere taldekide Ailetz Lasa 5.a izan zen, 23 segundora. Tropel nagusia 24 segundora sartu zen, Quesos Albenizeko Oihan Vinagre 11.a eta Hodei Zia 13.a zirela. Aralar klubeko Irabia Intersport taldeko Beñat Etxezarreta 21.a izan zen, Imanol Galarza 26.a, Unai Lizarraga 41.a, 1:07ra, Iker Cerviño 45.a, 1:10era, eta Ander Rosado 48.a, 1:50ra. Quesos Albeniz izan zen probako talderik onena.

Lasterketan hiru emakumezkok parte hartu zuten. Azkarrena Maialen Aramendia iturmendiarra izan zen (1:04:38), Miriam Gardachalekin sprint estua jokatu eta gero.

Asier Etxeberria mendiko onena Eskirozen
Larunbatean junior mailako Galarko Zendeako 13. Sari Nagusia jokatu zen Eskirozen (69 km). 36 txirrindulari iritsi ziren helmugara, Huescako Francisco Galvan ihes eginda zegoela (1:48:51). Quesos Albenizeko Asier Etxeberria 8.a sartu zen helmugan, 1:10era. Burunda klubeko txirrindulariak mendiko sailkapena irabazi zuen. Intersport Irabiako Gorka Arbizu 13.a izan zen, 4:18ra, eta Quesos Albenizeko Juan Alberto Jimenez 25.a, 4:38ra.