Andian militarren hondakinak garbitzen

Guaixe 2015ko eka. 4a, 19:41
Guardia Zibilak Andiako Lezera jaisten.

Espeleologo batek gaztigatu ondoren, Guardia Zibilak Lizarragako portu ondoko leze batetik artilleriako jaurtigai zatiak, mortero granada eta buztan egonkortzaileak atera zituen. Antza ez ziren arriskutsuak. Maiatzaren 25ean jaitsi ziren Guardia Zibilaren lehergailuetan aditu bat eta mendi taldeko kide bana lezera. 40 metroko sakoneran zeuden hondakin militarrak zegozkion segurtasun neurriekin jaso eta gero suntsitu egin zituzten.

Joan den mendeko bigarren erdialdean Espainiako armadak maniobra militarrak eta tiro praktikak egin zituen Andian. Askok gogoan dute oraindik mendi magal batean harriz egin zituzten hirukiak eta borobilak, diana gisa erabiltzen zirenak. Makina bat jendek militarrek utzitako hondarrak jaso eta txatar gisa saltzen zituzten. 1976ko garagarrilaren 18an txatar gisa jasotako gerra jaurtigai batek eztanda egin zuen Etxarri Aranatzen. Leherketaren ondorioz bi gizon, emakume bat eta bi haur hil ziren.