Parapenteak hegan

Guaixe 2015ko eka. 5a, 13:19

Sakana Baiza parapente taldeak Sakana Parapente eguna antolatu du bihar, larunbatean

Aurten Baiza Parapente Taldeak 26 urte beteko ditu. Urte haietan gutxi batzuk ziren parapentean hegan hasi zirenak, baina gaur egun familia zabala osatzen dute. Bihar, larunbatean, euren festa ospatuko dute, Sakana Parapente Eguna. Eguraldiak eta haizeak laguntzen badu makina bat parapente ikusiko ditugu hegan. Iturmendin lokala zabalduko dute egun guztian barna, mokaduren bat hartzeko, eta euren zaletasun handienean murgilduko dira: hegan. Sakanako parapentelariei gertuko zaletuak bilduko zaizkie.

Parapentea herritarrei gerturatzeko asmoz antolatzen dute Sakana Parapente eguna. “Jendea jabetzeko zein den gure kirol hau, gertu dagoela eta erabiltzea dutela. Hegan egitea ez da zaila, erraza da, denondako irekia den ekintza da” adierazi dute antolatzaileek. Sakanako topaketa urtero egiten dute. Asmoa da bertako eta kanpoko jendea elkartu eta egun zoragarri bat pasatzea hegan egiten. Baina, horrekin batera, topaketara hurbiltzen diren kanpotarrei Sakanako bailara erakutsi nahi diete Baizakoek, gurean dagoen paisajea, landetxeak, zerbitzuak eta beste. Aurreko urteko edizioan 100 pertsona baino gehiago bildu ziren.

Baiza taldekoak kanpoko topaketetara ateratzen dira, baina bereziki Sakanan egiten dituzte hegaldiak, gurea parapentean ibiltzeko toki pribilegiatua baita. Ipar haizearekin Santa Marinatik abiatzen dira, eta hegoarekin Aralarko San Migeletik. Egon ere egoten da  ekipoarekin Beriainera igo eta bertatik hegaldia abiatzen duenik. Parapentean ibiltzen direnek diotenez, kontrakoa iruditu arren, kirol lasai-lasaia da parapentea. “Zu lasai-lasai zaude, zure sentsazioekin…  merezi du, eta jendeari gomendatzen diogu behintzat behin proba dezatela biplaza batean hegan egiten, gure kirola ezagutzeko” diote Baizakoek. Parapentean hasi nahi duenak Baizako kideengana jotzea besterik ez du. Horretarako euren blogera, (http://sakanaparapente.blogspot.com.es), facebookera (Sakana Parapente) edo twitterrera (sakanaparapente) jo dezake.

Egitaraua
9:00etan: Izena ematea Altsasuko Il Padrino jatetxean.
9:30ean. Hegaldia abiatzeko tokira oinez igotzea (30-40 minutuko igoaldia, monitorearen laguntzarekin). Material guztia furgonetaz igoko zaie.
10:00etan: Lehen erremontea errepidetik.
11:00etan: Auzatea Iturmendin. Egun osoan barna hamaiketakoa egiteko aukera egongo da bertan, elikagaiak agortu arte.
20:00etan: Oztopo taldearen kontzertua Il Padrino jatetxearen terrazan.
21:30ean. Eguna despeditzeko afaria eta oparien zozketa.

sakanaparapente.blogspot.com.es
Baiza taldearen informazio guztia.