Badaramatzagu hilabete batzuk entzuten krisia bukatzen ari dela eta gainera datu batzuk ematen dizkigute informazio horren fidagarritasuna handitzeko. Horretan botere ekonomikoa oso trebea da, logika, datuak eta argudioak erabiliz oso ongi jazten baitituzte beren planteamenduak.
Arazoa sortzen zaigu hainbat datu eta argudio aipatzen ez direlako.
Orain dela bi hilabete Nafarroako Unibertsitate Publikoak CIPARAIIS-en bigarren txostena aurkeztu zuen eta bertan krisi irteera honen beste datu batzuk jakinarazi zizkiguten:
- gizarte taldeen arteko desoreka,
- 47.786 langabetu izen emanda Nafarroan 2014ko abenduan, hauetatik 27.000 iraupen luzekoak (datu hau krisi hasieran 7,5 aldiz txikiagoa zen),
- behin-behineko eta lanaldi partzialeko kontratuak sortzen ari dira eta behin betikoak eta lanaldi osokoak desagertzen,
- onartezinak ziren lan baldintzak orain eskertzekoak bihurtu dira.
- Nafarroan 2007an %1,7 familiek etxeko pertsona guztiak langabezian zituzten, 2013an, berriz, %10,6ak.
- Langabeziako babes sistemak langabezian zeuden pertsonen %78,7ak babesten zituen Nafarroan 2009an. 2014aren azaroan %55,23a bakarrik.
- 2012an pobrezia gogorrean zeuden %37,9ak zuten lana, honek erakusten digu lana izateak ez duela pobreziatik ateratzea ziurtatzen.
Ekonomistek esaten dutenez historia ziklikoa da eta krisiak bueltatuko direla. Krisi gogor hau iritsi aurretik ongizate sistema sortuta genuen eta berak lortu du kolpea handia izanda ere, txikiagoa egitea. Orain neurri handi batean ongizate sistema hautsi dugu. Hemendik 15 urtetara hurrengo krisia etortzen denean, zein babes izango dugu? Hemen dugu orain gure erronka. Gure babesa eta gure eskubideak babesteko zein gizarte eta sistema mota sortu nahi dugun pentsatu behar dugu.
Botere ekonomikoek ez digute bidea erraztuko, beraien datuak, argudioak eta logikak kutsatuko gaituzte. Bidea taldean egin behar dugu eta arlo publikoan dugu konponbide bakarra. Gure esku dago baloreei begiratzea eta gureak zeintzuk diren finkatzea. Horrela gure norabidea finkatu eta kontsekuenteak izan beharko dugu gure eguneroko bizitzan. Izan ere, gure balore horiekin bat egiten duten datuak egon badaude.