Maiatzaren 24ko hauteskundeek emaitza pozgarriak utzi dituzte gurean. Badirudi erregimenaren gainbehera, hainbeste alditan kalean aldarrikaturikoa, hemen dagoela eta aldaketaren aldeko eragileak adostasunera heltzeko prest daudela. Saiatu dira UPN PSN eta PPko ordezkariak beldurraren politika zabaltzen kanpainan zehar. "Gu edo kaosa", "badatoz euskaldunak"(hemen betidanik egongo ez bagina bezala) izan dira haien ideia nagusiak eta egia esan, uste eta merezi zituzten baino emaitza hobeak izan dituzte. Bakarrik kontuan hartu behar dugu azken urte hauetan egin dutena: CAN auzia bere dieta, lagunentzako kreditu eta desagerpenarekin, Los Arcoseko zirkuitua, itzalpeko bidesariak eta orokorrean ezkertiar edo euskal kutsua duten edozein ekimenen aurkako jarrera oldarkorra. Hau guztia jakinda ere gure bailaran 2400 bozka atera dituzte erregimenaren aldekoek. Ziur gaude beraiek ere murrizketak jasan dituztela, zerbitzu publikoen okertzea eta orokorrean Sakanak bizi izan duen utzikeria baina tira notizia hau da, aldaketaren alde 7818 pertsona agertu direla.
Horregatik pozik gaude, aldaketarekin konprometituak egon gara eta egongo gara. Urte luze hauetan bizi izandakoa aldatzeko denbora beharko da eta pazientzia eta eskuzabaltasunez aritzea guztion betebeharra izan beharko du. Helburuak berdina izaten jarraitzen du, Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu eta hau lortzeko bidean, nafarroan sortzen ari diren aukera berriak aprobetxatuko ditugu. Zorionak guztioi baina bide luzea dugu oraindik.