Euskaraz bizi nahi dut irudien bidez esateko gonbitea

Guaixe 2015ko eka. 11a, 15:10

Lehiaketaren aurkezpena.

Donostia Zinemaldiak eta Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren 4. edizioa antolatu dute. Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, aurkezpenean esan zuenez, “lehiaketaren helburu nagusia “euskaraz bizi nahi dut” ideia hedatzea da, ideia hori ikus-entzunezkoen bidez kontatzea. Era berean, gero eta zinegile gehiagok ideia bere egin dezaten, beren lanetan ideia hori gara dezaten nahi dugu”

Lehiaketara aurkezten diren lanek, beraz, euskaraz bizitzeko nahiari buruz hitz egin behar dute: “zergatik egiten dugun hautu hori, nolako oztopoak izaten ditugun, sentitzen ditugun pozak, eraikitzen diren konplizitateak… hori guztia eta gehiago kontatu nahi dugu aurkezten diren film laburren bidez”.

Sortzen diren film laburrek ezin izanen dute 15 minutu baino gehiago iraun. Lehiaketak bi atal ditu, profesionalena (3.500 euroko saria) eta amateurrena (1.750 euroko saria), eta egile bakoitzak erabakiko du zein ataletan aurkeztu bere lana. Lanak agorrilaren 24a baino lehen aurkeztu beharko dira. Onenak Donostiako Zinemaldian proiektatuko dira.

Informazio gehiago:
www.euskarazbizinahidut.eus