Sakandarrek dohainik ikus dezakete San Juan baleontziaren eraikuntza

Guaixe 2015ko eka. 11a, 18:37
Pixkanaka San Juan baleontzia itxura hartzen ari da.

Astelehenetik aurrera Sakanan erroldatutako pertsona bakoitzak Pasaia San Pedroko Albaola itsas faktoria bisitatzeko txartel bana eskuratu dezake bere udaletxean.

San Juan baleontzia 1565 urtean  Kanadako Red Bayn urperatu zen. Pasa den mendeko 70eko hamarkadan arkeologoek hura opatu zuten. Garai bateko euskal itsasontzigintzaren adierazle bat da. Albaola Itsas Ondarearen fundazioa haren errepika eraikitzen ari da bere ontziolan. Eta eraikuntza hori posible egiteko Sakanako herriek 200 haritzekin hornitu zuten Albaola. Eraikuntza lanak 2019 edo 2020rako despeditzea aurreikusten da.

Sakanaren eta Albaolaren arteko hitzarmenaren ondorioz, 20.504 sakandarrek ontziola eta Hondartxo museoa dohainik bisitatzeko aukera izanen dugu aurten. 3.230 sarrera ikastetxeen bidez banatuko dira. Norbere udaletxean jaso beharko ditu sarrerak; erroldatu bakoitzeko bana. Ontziolarako bisita librea edo gidatua izan daiteke. Azken aukera hori nahi dutenek gutxienez bi eguneko aurrerapenarekin jakinarazi behar dute 943 392 426 edo bisitak@albaola.com helbidean.

Ondartxo
Museoa hiru gunetan banatua dago. Batetik, erakusketa iraunkorra: San Juan itsasontzian oinarrituta, Euskal untzigintzaren eta bale arrantzaren inguruko historia kontatzen da panelen bidez: Sakanako basoetako hariztietan hasi eta kostaldeko zurginen laneraino. Bestetik, tailerra: maisu zurgileak hainbat pieza zuzenean egiten ikusteko aukera izaten da. Azkenik, untziola: San Juan baleontzia zuzenean eraikitzen ikusten da.