Kantari etxarriarra Lakuntzan abesten

Guaixe 2015ko eka. 12a, 14:32

Iñaki Auzmendi Lakuntza larunbatean, 23.00etan, Lakuntzako Sorgiñak tabernan ariko da.

Ahots sendoarekin eta gitarra aldean, hala agertuko da jendaurrean Iñaki Auzmendi Lakuntza. Joan den urteko agorrilean argitaratu zuen Raíces de Piedra y Esperanza diskoa aurkeztuko du. Estudioko lana, zuzeneko emanaldi gisa grabatu zuen. Hamar kantu jaso ditu Auzmendik bere lanean. Haietan HIESaz hildako lagunak, prostituta zahar bat, herriaren uzteko unea, badoazen herriei omenaldia, herrietako ibaiak, herrietako bakardadea, Gaztelako herriei omenaldia, migratzaileak, Jose Antonio Labordeta aipatzen ditu; anaia txikiaren ezkontzarako sortutako kantua gaineratuz.

Ibilbidea
Auzmendik (1961) txikitatik musikarako eta kanturako zaletasuna sentitu zuen txikitatik. Errege egun batez gitarra jaso zuen opari. 14 urte zituela bere lagun bat itota hil zen eta orduan sortu zuen bere aurreneko kantua, poesia eta musika bidez gertaera azaldu beharra sumatu baitzuen. Ondoren eguberri kantu bat eta gehiago etorri ziren. Konposatzea ezinbesteko bihurtuko zaio Auzmendiri.

Aurreneko kantaldiak ikastetxe eta ongintzako jaialdietan eman zituen. 19 urterekin grabatzeko aukera izan zuen baina tren hura pasatzen utzi zuen. 24 urterekin ezkondu egin zen eta familia osatu zuen. Baina ez zion konposatzeari utzi. Aldian behin, zerbait kantatzeko deiak jasotzen zituen. Rabanera del Pinar (Burgos) herrian bizi da eta han opatu du kontzertuetara bueltatzeko bultzada.

Gaztelarrek Madrilen eta Burgosen Jose Antonio Labordetari eskainitako omenaldietan parte hartu zuen Auzmendik. Diskoa, berriz, Madrilen bitan, Mutiloan, Toledon eta Iruñean aurkeztu du.