1.Zer da Gure Esku Dago ekimena?
Gure Esku Dago Euskal Herrian erabakitze eskubidearen alde lan egiten duen dinamika herritarra da, anitza eta partehartzailea.
2.Hiru oinarri ditu.
Bat, herri bat garela; bi, herri honek erabakitzeko eskubidea duela; eta hiru, hori aurrera eramateko herritarron unea dela. Helburua argia da: erabakitze hori gauzatzea.
3.Bide horretan hainbat pausu eta ekimen egin dira.
Bai. 2012an Gazta Zati bat dokumentala aurkeztu zen, eta horren atzetik lan handia egin da. 2013an giza katearen aurkezpena egin zen Durangon eta Gure Eskuren aurkezpena Ficoban. 2014an mosaiko erraldoia egin zen Zurriolan, batzarrak Gasteizen eta Arrasaten, ekitaldia Bilbon, ekainaren 8ko giza katea Durangotik Iruñera, Ibarretxeren, Aoizen eta Zabaletaren hitzaldi jendetsua, La Casillan ekitaldia eta 2015eko ekainaren 21eko ekitaldi masiboaren aurkezpena.
4.Ekainaren 21eko ekitaldiaren bezperetan gaude. Zer da hemen ehuntzen ari dena?
Finean, berriz ere gogoratzea lanean jarraitzen dugula erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ideiaren alde. Erabakitzeko eskubidea gurekin dugula eta gauzatu nahi dugula. Horrela, ekainaren 21ean berriz ere elkartuko gara, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Baionan, Donostian… gogorarazteko eskubide hori gauzatu nahi dugula.
5. Nafarroari dagokigunez Iruñean zer antolatu da 21erako?
Eguerdian elkartuko gara, hainbat tokitan, eta orain arte herriz-herri landu eta josi ditugun oihalekin zutabe ezberdinak osatuko ditugu. Sakandarroi Santa Ana plazan biltzea tokatzen zaigu, Jarautatik oso gertu, 12:00etan. Horretaz gain, Gaztelun enparantan, San Franzisko plazan, Udaleko plazan eta El Burgo plazan ere bilduko da jendea. Eta oihalak batuz sortuko ditugun zutabeen bidez plaza guztiak lotuko ditugu. Gainera, plaza guztietan denetariko ekitaldiak eta ekintzak egongo dira: herri kirolak, jotak, musika… Arratsaldean16:30etik aurrera zabalduko dira zezen plazako ateak eta 17:30ean hasiko da ekitaldi nagusia. Ekitaldian hautestontzi erraldoia osatuko da eta uste dugu herrietan jositako oihalekin estaliko dela. Horretaz gain, ekitaldi ezberdinak egongo dira, 20:00etan Esne Beltza, Fermin Muguruza… jai handia izango da.
6.Autobusak antolatuko dira Sakanatik, ezta?
Bai, Iruñera joan etorria egiteko Sakanatik autobusak jarriko ditugu, bat goizez joateko eta bestea arratsaldeko ekitaldi nagusira joateko. Joan-etorria 7 eurotan. Horretaz gain, ohiko tren eta gainontzeko zerbitzuak izango dira.
7. Aurretik lan handia egin da herrietan. Lakuntzan eta Urdiainen zer?
Tania: Lakuntzan Sakana mailako Gure Eskuren aurkezpen jendetsua egin zen. Jendea motibatu egin zen eta bi joste egun izan ditugu. Lehenengoan talde bakoitzak bere oihala prestatu zuen eta maiatzaren 31n oihal guztiak elkarrekin josi ziren, pankarta erraldoia eginez. Haurrak eta helduak, jende asko ibili zen lanean, denetariko mezu interesgarriak margotzen. Igandean materiala salduko dugu, auzatea egonen da, Iruñeko sarrerak salduko dira…
Marga: Urdiainen aurkezpena egin zen eta apirilaren 25ean joste eguna. Auzatea egin genuen eta oso polita izan zen, haurrak eta helduak elkarrekin oihalak prestatzen. Orain 21ekoa antolatzen ari gara.
8.Eta Altsasun eta Bakaikun?
Bel: Altsasun aurkezpena egin eta Jostunak pelikula eman genuen. Jende asko batu da, proiektu honek ilusioa transmititzen duelako. Aste Santuaren ondoren 2014ko giza kateko argazki erakusketa egin genuen, informazioa banatuz. Eta apirilaren 25ean eta aurreko astean joste egunak ospatu genituen. Jende asko bildu zen. Orain mahainguru bat antolatu nahi dugu. Ibarretxe ekarri nahi genuen baina EEBBetan dago. Ahal Duguko Ainhoa Aznarez, Ernaiko bozeramalea eta Gazta zati bateko Ion Maia lotu ditugu, eta Uxue Barkos ekartzea ea lortzerik dugun.
Aner: Bakaikun Jostunak dokumentalaren proiekzioarekin hasi genuen eta oihal puskak saltzen eta informazioa banatzen hasi ginen. Apirilaren bukaeran joste eguna egin genuen. Haurrak, gazteak, helduak… jende dezente bildu zen, auzatea egin genuen eta orain 21ekoa prestatzen gaude.
9.Oihaletan jaso diren mezuak nolakoak dira? Mezu bitxirik ba al dago?
Guztiak dira politak. Baina, esaterako, Altsasun oso ongi landutako bat jaso dugu. Soka batetik zapiak zintzilikatuta daude, eta zapi bakoitzak herri mugimendu bat adierazten du: feminismoa, gaztedia libre, errausketaren kontra… Eta parean “Lortuko dugu” leloa. Baina denetarik dago, mezu asko, ezin da bat aukeratu, guztiak dira beharrezkoak.
10.Motor guztiak berotzen daude Iruñera ahalik eta jende gehien bideratzeko. Sakandarrak animatuko ditugu?
Bai, denok gogoratu dezagun ekainaren 21eko eguna agendan gordetzea. Ekitaldirako sarrerak salgai daude Sakanan, zezen plaza alokatzeak, ekipoak eta bestek gastuak dakartzalako. Egunean bertan takillan erosi ahalko dira, baina antolakuntzagatik eskatzen digute lehenbailehen erostea. Astelehenean jasoko ditugu, hortaz asteburu honetan erosi itzazue. Sakanak tendido oso bat betetzeko ardura du. Beraz mugitu beharko dugu eta ea betetzen dugun gure txokoa zezen plazan.
11.Eta Iruñeko egun arrakastatsu horren ondoren, zer? Zein izango da hurrengo pausua? Helburua urruti ala gertu dago?
Gizartean bat-batean ikusten dugu mugimendu txiki batek kristoren mugimendua eta olatua sortzen duela, Katalunian gertatu dena, esaterako. Bada garaia, eta gu bagoaz, poliki baina gauzak egiten. Nafarroan mugimendu handia eman da, eta agian Nafarroa motorra izango da, ez dakigu. Beste herrialdetan badaude eskualdeak egutegi bat dutena, zeozer gauzatua. Etxarrin zerbait planteatu zen, garrantzitsua izan zen. Uste dugu gauzatzeko momentua gero eta gertuago dagoela.