Lakuntza-Aralarren Oria eta Fernandez nagusi

Beñat Katarain eta Izaskun Beunza izan ziren lehen sakandarrak

160 korrikalari zeuden izena emanda 12. Lakuntza-Aralar mendi lasterketan eta 148k hartu zuten irteera. Aurrez aurre Aralarko bihotzeko paraje ederretan barna Zabalarte klubak prestatutako 24,7 km-ko mendi ibilbide bikaina zuten osatzeko. Zabalartek antolatu zuen proba, Lakuntzako Udalaren eta hainbat entitateren laguntzarekin –Muga, Lakuntzako Pertza, Surya, Sakana Kooperatiba, Lacunza eta Saprem, tartean–. Aurten lasterketak ez zuen Nafarroako Zirkuiturako eta Euskadiko Koparako puntuatzen.

Korrikalariak Atazarko igoeratik eta antzinako galtzadatik abiatu ziren, Guardetxe (1.035m), Mugerdi, Belokiko lepoa (1.205 m), Unako putzu eta Hirumugarrieta (1.431 m) gainditu zituzten, buelta hartu eta Desaoko borda eta Pagomaritik (1.140 m) pasa eta Lakuntzara Aranguneko portutik jaisteko. Eguraldi bikaina izan zuten lagun, hasieran fresko eta gero epel, eguraldiak eutsi baitzuen.

Hasiera hartu zuten 148 korrikalarietatik 130 iritsi ziren helmugara. Unai Oria gaztea izan zen azkarrena helmugan (2:04:01). Zaldibiko gazteak minutu bat eta 19 segundo atera zizkion Aritz Kortabarria arrasatearrari (2:05:20). Axier Alonso oñatiarrak osatu zuen podiuma (2:06:20). Hasieratik hirukote honek hartu zuen aurrea, baina Hirumugarrieta igotzen Alonso atzean geratu zen. Oria eta Kortabarriak elkarrekin jarraitu zuten azken jaitsierara arte. “Azken 6 km-etan Kortabarriak erritmoa mantsotu dut eta nik erritmoari eutsi ahal izan diot” azaldu zuen 21 urteko Unai Oria txapeldunak. Lehen sakandarra Beñat Katarain lakuntzarra izan zen, helmugara 6. postuan iritsi eta gero (2:11:16). Emakumezkoetan 17 urteko Leire Fernandezek irabazi zuen (2:29:02). 7 segundora sartu zen Alizia Olazabal beterano irundarra (2:29:09). Eta Izaskun Beunza olaztiarra izan zen hirugarrena eta lehen sakandarra (2:43:01), irabazlearengatik ia 14 minutura. Emakumeen garaipena eztabaidagarria izan zen, Alizia Olazabal bigarrenak adierazi zuelako Leire Fernandezek horniduran kanpoko laguntza jaso zuela eta lasterketaren tarte bat lagunduta egin zuela. Olazabalek aipatu zuen ordura arte lehendabiziko postuan zegoela bera. Aldiz, Fernandezek adierazi zuen hornidura baino 25 m lehenago eta 25 m ondoren izan zuela laguntza, eta hori baimenduta dagoela gaineratu zuen.

Gazte-gazteak
Korrikalarien gaztetasuna, hori izan zen komentario nagusienetakoa. Duela urte batzuk beteranoak ziren aurrean zeudenak, baina egun gazteek hartu dute lekukoa. Izan ere, Alizia Olazabal beteranoaz kanpo, podiumeko gainontzeko gizon-emakumezkoak gazte-gazteak ziren. Unai Oria txapelduna pozik zegoen. Zaldibiko gaztea bizikletaren mundutik dator eta aurreko urtean debutatu zuen mendi lasterketetan. Aurten Aizkorri Km bertikalean zazpigarrena izan zen, Azkoitiko proban hirugarrena, ekainaren hasieran Hernaniko proba irabazi zuen eta igandean Lakuntzakoa. 21 urterekin oraindik ere izan dezakeen progresioa kontuan hartuta, etorkizun handia dauka.



Etorkizun oparoa ere du Leire Fernandez lehen emakumeak. “Gustura ibili naiz. Proba oso polita da. Duela bi urte parte hartu nuen, baina junior mailan, ibilbide laburragoan. Ibilbide luzea egiten nuen lehen aldia zen hau. Ibilbidea bikain zegoen, behean lohia baina goian ongi. Espeziala. Pozik nago” adierazi zuen helmugan. Iritzi berekoa zen Beñat Katarain, probako lehen sakandarra eta lakuntzarra. “Eguraldia behar den bezala zegoen, eta mendia ere bai, lokatzarekin. Hori bai, nahi baino gutxiago” zioen lakuntzarrak. Alberto Martinez lakuntzarrarendako bere lehenengo mendiko lasterketa izan zen eta emaitza bikaina lortu zuen, bederatzigarrena izan baitzen, bigarren sakandarra. “Mendian lehenengo lasterketa izan da hau eta oso pozik nago, bikain atera baitzait. Atletismotik nator, asfaltotik, eta hau askoz ere gogorragoa da” zioen. Korrikalari askok jaitsiera gogor egin zitzaiela aitortu zuten eta erorikoak ere izan ziren, baina istripu latzik ez.

Lasterketaren ondoren korrikalariek masajea hartzeko aukera izan zuten Surya masaje eskolako kideen eskutik. Askok baliatu zuten aukera. Eta plazan auzate ederra izan zuten. Korrikalari guztiek kamiseta eta opari sorta jaso zuten. Sari ematean irabazleek 250 euro eta txapela jaso zituzten, bigarrenek 100 euro eta trofeoa eta hiruagrrenek 50 euro eta trofeoa. Lehen lakuntzarrek, lehen sakandarrek eta lehen beteranoek trofeoa jaso zuten.

Guztia ongi ateratzeko Zabalartekoekin 80 pertsona inguru aritu ziren lanean. Zabalartek eskerrak eman zizkien laguntzaileei, babesleei eta korrikalariei.  

www.lakuntza-aralar.com
Lasterketari buruzko informazio guztia.


Sakandarrak Lakuntza-Aralar mendi lasterketan
Gizonezkoak
1.Unai Oria: 2:04:01
6.Beñat Katarain: 2:11:16
9.Alberto Martinez: 2:13:13
11.Juanjo Goikoetxea: 2:15:18
14.Joxeja Maiza: 2:19:10
17.Juanjo Armendariz: 2:22:14
19.Mikel Rubio: 2:23:56
25.Javier Borrega: 2:5:412:27:24
28.Mikel Satrustegi:
32.Fran Araña: 2:31:16
34.Adur Senar: 2:32:10
45.Aritz Pellejero: 2:39:57
51.Jabier Beraza: 2:41:56
56.Migel Angel Asurabarrena: 2:43:47
59.Alberto Anton: 2:46:29
60.Jose Esteban Gerendiain: 2:47:38
61.Xabier Aizpun: 2:47:39
62.Jose Jabier Beregaña: 2:48:51
75.Migel Angel Ubeda: 2:54:11
76.Esteban Tejedor: 2:54:11
77.Egoitz Carrion: 2:54:12
92.Iban Verdugo: 3:04:11

Emakumezkoak
1.Leire Fernandez: 2:29:02
3.Izaskun Beunza: 2:43:01
5.Maite Beregaña: 2:47:37
8.Maria Goikoetxea: 3:04:11
9.Ainara Martin: 3:06:40

Hurrena, II. Triku Traila
Sakanan izanen dugun hurrengo mendi lasterketa ekainaren 28an Etxarri Aranatzen jokatuko den II. Triku Trail mendi lasterketa izanen da (21 km, 1.400 m desnibel +). Dagoeneko 258 korrikalari daude izena emanda eta 350 parte-hartzaileendako tokia dago. Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web gunean.