Denok daukagu alderdi emozional bat, nahiz eta pertsona batzuk beste batzuk baino emozionalagoak izan. Alderdi honek garrantzi handia du eta ez badiogu arretarik jartzen, gure zati handi bat baztertzen dugu. Oinarrizko emozioak (poza, tristura, beldurra, amorrua eta maitasuna) eta sentimendu ezberdin ugari sentitzen ditugu. Denek dute bere funtzioa eta denok sentitzen ditugu momenturen batean (tristurak adibidez, “gelditzera” behartzen gaitu, gutxiago egitera, gure buruari kasu egitera behartzen gaitu).
Zergatik baztertzen ditugu? Bizitzan zehar zenbait emozio eta sentimendu ukatzen ikasten dugulako, beldurra diogulako emozio konkretu bat sentitzeari, gure ingurunean (familian, lagun artean) gaizki ikusiak daudelako, baztertuak sentitzeari beldur garelako…
Sentitzen dugunari erresistentzia jartzen diogunean, energia asko gastatzen dugu horretan eta borroka egiten dugu sentitzen dugunaren kontra. Honek, askotan, emozioa areagotu egiten du desagerrarazi beharrean eta, gainera, gure gorputzean eragina ere badauka. Adibidez, gorputza zurrundu, gogortzen da; emozio konkretu bat kontrolatzen saiatzen garenean, gure muskuluak eta artikulazioak zurrundu, gogortu ditzakegu konturatu gabe (lepokoak, sorbaldetakoak…).
Dagoen emozioa errespetuz onartzen badugu, gorputzak tentsioa deskargatzen du eta erlaxatzen da. Hau adibidez, triste gaudenean eta negar egiten dugunean gertatzen zaigu.
Irtenbiderik eman ez diogun emozioei, ukatzen ditugun emozio eta bizipenak, gure egunerokotasunean ematen diren gertakizunekin piztu daitezke behin eta berriz. Honek aukera bat ematen du hauei irtenbide bat aurkitzeko eta gaur egun arte irauten duten iraganeko bizipenak gainditzeko. Hauek bizi, kontzientzia hartu eta esperientzia itxi ahal izateko.
Garrantzitsua da guk emozioak eramaten, bideratzen ikastea. Adibidez, guk tristura edo haserrea bideratzea, ez alderantziz, haserreak ni menperatzea. Hau guztia ez da erraza, ez da egun batetik bestera lortzen, baina honek gure oreka emozionala areagotzen du. Gure emoziotan konfiantza hartzen dugunean, gure segurtasuna areagotzen da eta kontrolatzeko beharra gutxitu egiten da.
Gure barne errealitateari arreta jartzen diogunean, jakin dezakegu zer garen, zer sentitzen dugun eta zer behar dugun.