Aurkeztu berri du Behatokiak hizkuntza-eskubideen gaineko azterketa biltzen duen Urteko Txostena.
Orri horietan jasotzen diren bizipenak uzten duten argazkian euskaraz bizi nahi duzuen herritarrak ageri zarete toki nabarmenean. Euskaraz bizitzeko aukera kontzientea egin duzuen pertsonak, ahal duzuen guztietan euskaraz egiten duzuenak, natural eta bizi-pozez.
Euskara erabiltzea galarazten zaizuenean sentitzen duzuen inpotentzia, eta askotan amorrua, oztopoak gainditzera bideratzen duzue. Euskaraz bizitzeko hautu kontzienteak bultzatuta, urraketari konponbidea bilatu asmoz, zuen eremu txikiko errealitatea aldatzeko eta egoera hobetzeko zerbait egiteko beharra sentitu duzuelako, laguntza eta babes bila jo duzue Behatokira.
Urraketa egoeren aurrean erantzukizunak dituzten pertsonak maiz agertzen duten uzkurkeriaren eta utzikeriaren aurrean motorra zarete hizkuntza-eskubideen arloan pauso eraginkorrak bideratzeko. Euskaraz bizi nahi hori egiazki betetzeko egiten duzuen indarrak aldaketak eragiten dituelako administrazioen eta entitateen hizkuntza-portaeretan.
Eragin zabala eta orokorra dute aldaketa horietako batzuk (web gunea euskaratzea), maila pertsonalagoan geratzen dira beste batzuk (telefono konpainiarekin sinatu behar duen kontratua euskaraz eskatzea) baina, horietako bakoitzak, areagotu egiten ditu euskaraz bizitzeko aukerak. Aldaketa txiki askoren ondorioa izango delako aldaketa handia.
Zuek inportanteak zarete hizkuntzarentzat, hizkuntza inportantea delako zuentzat.
Hizkuntza Eskubideen Behatokia