Burundakoak, erlojuaren kontrako onenak

Guaixe 2015ko eka. 17a, 12:55
Nafarroako erlojupeko txapeldunak: Ailetz Lasa, Paula Suarez, Maialen Aramendia eta Eneko Aramendia.

Ailetz Lasa, Maialen Aramendia eta Eneko Aramendia Nafarroako txapeldunak igandean Iturmendin jokatutako kadeteen eta juniorren mailako Nafarroako Erlojupeko Txapelketan

Etxean jaun eta jabe izan ziren Burunda Txirrindulari Klubeko Quesos Albeniz taldeko txirrindulariak. Igandean III. Iturmendi Erlojupeko Trofeoa jokatu zen, kadeteen eta juniorren Nafarroako Erlojupeko Txapelketa.


Lehenik eta behin kadeteek hartu zuten irteera. 10 km zituzten aurrez aurre, Iturmenditik hasi, Etxarri Aranatzeraino eta bertan buelta hartuta. Gizonezkoetan 50 txirrindularik osatu zuten proba eta Quesos Albenizeko Ailetz Lasa izan zen azkarrena (13:56), bere taldekide Iosu Etxeberriari 11 segundo aterata (14:07). Hodei Zia taldekideak osatu zuen podiuma (14:13). Quesos Albeniz izan zen talde onena, eta Aralar klubeko Intersport Irabiako txirrindulariak ere txukun aritu ziren. Emakumezkoetan 7 lehiatu ziren. Caf Transport Engineering taldeko Maialen Aramendiak ez zuen bere herrian huts egin eta erraz gailendu zen (15:10), bera bezala Burunda klubean trebatutako Bakarne Gonzalezi 1:35 aterata. Hirugarrena Irantzu Belokiri izan zen (16:54).

Juniorrek 14 km osatu behar izan zituzten. Quesos Albenizeko Eneko Aramendia izan zen azkarrena txapelketan lehiatutako 55 txirrindularien artean. Iturmendiarrak 34 segundo atera zizkion Galdeanoko Diego Lopezi. Asier Etxeberria bosgarrena sailkatu zen (18:24) eta juniorren lehen urteko lehena izan zen. Quesos Albenizeko eta Intersport Irabiako gainontzeko txirrindulariak ere fin aritu ziren. Emakumezkoetan Paula Suarez izan zen Nafarroako txapelduna (22:16).


Beste probak
Juniorrek larunbatean proba izan zuten Oteizan. Irabiako Gorka Arbizu 7.a izan zen, eta Quesos Albenizeko Asier Etxeberria 12.a, Eneko Aramendia 33.a, Juan Alberto Jimenez 37.a eta Aritz Irigoien 39. Bestalde, eskolakoek proba izan zuten larunbatean Etxarri Aranatzen, baina eguraldiagatik soilik lasterketak eta haurren mailako gynkana jokatu ziren, zaparrada batek bertan behera utzi baitzuen proba.  

Sakandarrak Nafarroako Erlojupeko Txapelketan
Kadete gizonezkoak
1.Ailetz Lasa (Q. Albeniz): 13:56
2.Iosu Etxeberria (Q.A.): 14:07
3.Hodei Zia (Q.A.): 14:13
9.Oihan Vinagre (Q.A.): 14:39
14.Ander Rosado (Intersport Irabia): 14:54
25.Josu Jaka (Q.A.): 15:29
37.Imanol Galarza (I.I.): 16:32
39.Iker Cerviño (I.I.): 16:44
40.Beñat Etxezarreta (I.I.): 16:47
48.Raul Granado (I.I): 18:08

Kadete emakumezkoak
1.Maialen Aramendia (Caf): 15:10
2.Bakarne Gonzalez (Rural Kutxa): 16:45

Juniorrak gizonezkoak
1.Eneko Aramendia (Q.A.): 17:11
5.Asier Etxeberria (Q.A.): 18:24
16.Aritz Irigoien (Q.A.): 19:55
21.Juan Alberto Jimenez (Q.A.): 20:15
22.Gorka Arbizu (I.I.): 20:17
23.Alex Unzilla (Q.A.): 20:37
28.Izai Mauleon (I.I.): 20:52
43.Nestor Baroja (I.I.): 22:04
45.Javier Lopez (I.I.): 22:10

Juniorrak emakumezkoak
1.Paula Suarez (Sopela): 22:16