Ganbera osatzeko saioarekin Nafarroako Parlamentuaren IX. legegintzaldiari hasiera eman zaio gaur. 50 parlamentarioek gaur aurreneko bilera egin dute eta heldu den lau urteetan erakundea gobernatuko duten Presidentea eta Mahaia hautatuko dituzte. Ainhoa Aznarez Igarza (Ahal-Dugu) aukeratu dute Nafarroako Parlamentuko Presidente izateko. Lehen presidenteordea Unai Hualde (Geroa Bai) altsasuarra izanen da. Bigarrena Alberto Catalan (UPN). Maiorga Ramirezek (Bildu) Parlamentuko Mahaiko lehen idazkaria izanen da eta Oscar Arizkuren (UPN), bigarren idazkaria.
Gobernu berria babestuko duen gehiengoak, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, bozkatu dute Aznarez, Hualde eta Ramirezen alde (26 boto). Catalanek eta Arizkurenek UPNren eta PPren 17 botoak jaso dituzte. PSNk aurkeztutako hautagaiek soilik bere alderdiaren botoak jaso dituzte eta, ondorioz, Parlamentuko Mahaian ordezkaritza sozialistarik ez dago.
3 altsasuar
Kargua hartu duten 50 parlamentarioen artean hiru altsasuar daude: EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialde Lazkano Sala eta Esther Korres Bengoetxea eta Geroa Baiko Unai Hualde Iglesias.