Emakumeen Mundu Martxari harrera prestatzen

Guaixe 2015ko eka. 19a, 08:15

Makina bat sakandar elkartu ziren Emakumeen Mundu Martxaren aurkezpenean.

Herrietako festetan photo call-ak eta martxa irailaren 29an etorri aurretik aurkezpenak eginen dituzte.

Emakumeen Mundu Martxari ibarrean behar bezalako harrera prestatzeko Sakanako hainbat emakumek dagoeneko bi bilera egin dituzte (Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia). Eginkizun horretan lagundu nahi duten guztiei haiekin bat egiteko gonbitea luzatu diete. Donostian, larunbatean, erabakiko da Emakumeen Mundu Martxan Euskal Herrian eginen duen ibilbidea. Baina Sakanara ziurrenik irailaren 29an, astearte goizean iritsiko litzateke, Etxarri Aranatzen eta Altsasun geldialdiak eginez.

Festarik festa
Udako festak baliatuko dituzte Emakumeen Mundu Martxaren etorrera iragartzeko. Herrietan photo callak eginen dituzte. Zerbait dinamikoa izatea nahi dute, horregatik, argazkien osagarrietako bat Mundu Martxaren furgoneta irudikatzen duen marrazki bat izanen da. Emakume guztiak aske izan arte martxan izanen direla adieraziko dute argazkietatik. Sakandarrak kamara aurrean jartzera animatu dituzte. Ibarrean lortutako argazki guztiekin irailean kartel handia eginen dute.

Martxan iritsi aurretik irailean lan handia eginen dela iragarri dute. Herrietan Emakumeen Mundu Martxaren berri ematen duen hitzaldi zikloa antolatuko dute. Haiek antolatzen laguntza beharko dutela aurreratu dute. Guztiek ere gogora ekarri dute martxaren helburuetako bat emakumeen arteko sareak sortzea dela, behin martxan pasa ondoren mugimendu feminista indartsua sortzeko.

Harremanetarako
sakanakomundumartxa@gmail.com
Altsasuko Bilgune Feminista eta Olazti Berdintasuna

Informazioa
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa