Eskola kontzentrazioa izateagatik udalek diru gehiago jasoko dute

Guaixe 2015ko eka. 18a, 17:24
Etxarri Aranazko San Donato eskola.

Beste herrietako ikasleak hartzetik sortzen diren mantenu gastuengatik ordaindu beharko du Hezkuntza Departamentuak.

Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Sala berriki emandako epaian Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta beste 15 herrietako udalei arrazoia eman die. Auzitegiaren epaiaren arabera Hezkuntza Departamentuak eskola kontzentrazioetan beste herrietako ikasleak hartzeagatik sortutako gastuak pagatu beharko ditu, eskola kontzentrazioa duten udalei ez baitagokie “bere komunitateari ez dagozkion kostuak bere gain hartzea”. Departamentuak eskolen gastu horren zati bat bere gain hartzen zuen, baina urtetik urtera diru-kopurua jaitsi egin du, bere zeregina ez zela argudiatuz.

Nafarroako Gobernuak herri txikietako hainbat eskola txiki itxi eta hango ikasleak eskola kontzentrazioetara eraman zituen orain dela hamarkada batzuk. Udalak eskolen mantenuaz arduratzen direnez, Udal eta Kontzejuen Nafarroako Federazioak eta Departamentuak akordioa lortu zuten. Horren arabera, beste herrietatik eskola kontzentraziora joaten ziren ikasle kopuruagatik dirua jasoko zuten udalek.

Izan ere, ikasle gehiago egotean udalek zegokiena baino diru gehiago bideratu behar zuten mantenurako. Herri txikiek gastu hori estaltzea ere ez zen egoki ikusi orduan: ez zirelako ikastetxearen jabe eta ikasleak herritik kanpora eramanez dagoeneko zigorra jasotzen zelako. Beraz, aldea Hezkuntza Departamentuaren bizkar gelditu zen. Baina urtetik urtera gero eta diru gutxiago eman du. Epaiak udalei arrazoia eman eta diru gehiago ikusiko dute orain.