Mank-ek eta Nasuinsak industriari buruzko informazioa partekatzeko akordioa sinatu dute

Guaixe 2015ko eka. 18a, 17:38
Iker Manterola garapen agentea (2.a) eta Mank-eko buru Aitor Karaatorre (4.a) Nasuinsako ordezkariekin..

Proiektu pilotua da eta bi erakundeek Sakanako zoru industrialari, azpiegiturei eta aktibitate industrialen inguruko informazioa partekatuko dute.

Sakanako Mankomunitateko eta Sakanako Garapen Agentziako lehendakari Aitor Karasatorre Muguruzak eta Nasuinsa enpresa publikoko (Navarra de Suelo Industrial SA) Sergio Ezkurra Lopez de la Garmak elkarlan akordioa sinatu zuten astelehenean. Haren arabera bi erakundeek ibarreko zoru industriala, azpiegiturak eta aktibitate industrialaren inguruko informazioa partekatuko dute. Udaberrian hasita, proiektu pilotua aurten garatuko da eta bukatu arte iraunen du bi aldeen arteko akordioak.  

Nasuinsak zoru eta poligono industrialen inguruan landutako Geografia Informazio Sistemen datu basea izanen du oinarri. Abiapuntu hori izanda, Sakanako Garapen Agentziak, ibarreko informazio bilketa eta eguneratzea eginen du, egun dauden ekimen industrial guztien identifikazio eta karakterizazioa eginaz. Horrez aparte, hutsik dauden zoru eta eraikin industrialen identifikazioa ahalbidetuko du, Sakanan ezartzeko interesa duten enpresei informazioa baliagarria eskura jarriz. Azken hori Sakanako Plan Estrategikoan (SPE) lehentasunezko ekintzetako bat da. SPEn jasotako besta hainbat ekimen bezala eragile ezberdinen arteko elkarlanak ahalbidetuko du.

Akordioan jaso dutenez, Nasuinsak web bidezko aplikazio baten bidez zoru eta aktibitate industrialaren inguruko informazio guztia Sakanako Garapen Agentziaren eskura jarriko du. Datuen eskuragarritasuna telefono mugikor edo tablet moduko gailuen bidez izanen da. Ekimena Nafarroan proiektu pilotua da eta Sakanara mugatuko da lehen fasean; etorkizunean Nafarroako beste eskualdeetara zabaltzeko aukera izanen da.