Kontseiluak gobernu berriari “hizkuntza politikan erroko aldaketa” eskatu dio

Guaixe 2015ko eka. 19a, 16:41
Iñaki Lasa eta Paul Bilbao, Kontseiluko kideak.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari Paul Bilbaok asteartean adierazi zuenez, “herritarren nahiari jarraituz, hizkuntza-politikan egiturazko aldaketak egin behar dira. Gobernu berriak, aldaketaren gobernuak, hizkuntza politika berri bat jarri behar du abian”. Aldaketa nahia apirilaren 25ean Anaitasunan egindako ekitaldian eta 2010ean Kontseiluaren eskutik egindako manifestazio handia ekarri zituen gogora Bilbaok.

Kontseiluko kidearen iritziz egiturazko lau bidek definitu behar dute hizkuntza politika berria. Lehenik eta behin, Vascuencearen legetik euskararen legera jauzi egin behar da. “Euskararen normalizazioa eragozteko helburua izan duen erregimenaren arkitektura juridikoa errotik aldatu beharra dago eta araugintza berria indarrean jarri”. Bigarrena, arlo publikoko eta pribatuko plangintzei dagokiena da. “Hizkuntza politika planifikatua egin behar du Gobernu berriak helburuak eta epe zehatzak ezarriz”. Hizkuntza politika egoki garatzeko baliabide administratiboak, ekonomikoak eta giza baliabide egokiak bideratzea eskatu du hirugarrenik. Eta “azkenik, erregimenak eraiki dituen diskurtso eta ideia zitalak desegiteko lan intentsua egin behar du Gobernu berriak”, Bilbaoren esanetan.

Kontseiluko kideen ustez aipatutako guztia egoki lantzeko konplizitatea da bidea. “Euskara normalizatzea zeregin politikoa eta soziala da aldi berean eta egoki lan egiteko beharrezko zubiak eraiki behar dira. Kontseilua prest dago lan horri ekiteko”, gaineratu du idazkari nagusiak. Bilbaok jakinarazi zuenez, lau ildo horiek jasotzen dituen dokumentuaren arabera baloratuko du Kontseiluak Gobernu berriaren ibilbidea.