Aritz Munarrizek 11 aldiz igo zuen Hartzabal, dispertsioaren kontrako erronkan

Guaixe 2015ko eka. 22a, 09:24
Aritz Munarriz, alboan Fiti eta Nourdine dituela, 11 igoerak egin eta gero Etxarri Aranatzera heltzen.

Hainbat kirolari, lagun eta senitartekoen laguntza izan zuten. Fitik 10 aldiz igo zuen Hartzabal eta Nourdinek 7

Dispertsioaren kontrako erronka borobila burutu zuen Aritz Munarriz mendi korrikalariak larunbatean Etxarri Aranatzen. Etxarriarrak 12 orduz jarrian Hartzabal mendira igoerak egiteko erronka hartu zuen bere gain, baina erronka hori dispertsioa salatzeko erabili zuen. 12 orduz aldapak igo eta jaistearen gogortasunarekin, euskal presoen senideek euren senitartekoak ikusteko bizi behar dituzten traba guztiak agerian utzi nahi izan zituen 28 urteko mendi korrikalariak, besteak beste, berak ere kartzelara bidaiatu behar duelako, lagun bat bisitatzera. “Izan ere, antzekotasun handia dute. Batetik Aritzen erronka, pertsonala, Hartzabal 12 orduz behin eta berriz igotzearena. Bestetik, erronka honekin irudikatzea dispertsioa zer nolako aldapan gorako borroka bat den. Etxarri Aranatzen 7 preso ditugu eta senide eta lagunok astebururo kilometro ugari egiten dituzte eurak bisitatzeko. Sakanako presoak bisitatzeko astebururo 10.000 kilometroko batez bestekoa egiten da, horrek dauzkan arriskuekin eta kostu ekonomikoekin” adierazi zuen preso, exiliatu eta deportatuen defentsan lan egiten duen Sare taldeko kideak. Mundiñanok gogoratu zuen dispertsioak irauten duen 26 urte hauek 16 hildako, istripu ugari eta sufrimendu latza utzi dituela. “Euren senideak bisitatzeko bidean 25 egunero gertatzen da istripuren bat” nabarmendu zuen.


Munarrizek 11, Fitik 10 eta Nourdinek 7
Izan ere, Aritz Munarriz Sarerekin jarri zen harremanetan erronka antolatzeko. Goizeko 7:00etan abiatu zen Aritz Munarriz Etxarri Aranazko plazatik, alboan Nourdine Jdi lakuntzarra eta Fidel Jimenez “Fiti” etxarriarra zituela, beste makina bat lagunekin batera. Herriko biltegian 0 gunea prestatu zuten eta hortik abiatu ziren Hartzabalerako igoera guztiak. Guztiz arrakastatsua izan zen ekimena. Makina bat kirolari ezagunek eta herritarrek eman zioten babesa Munarrizi. Dispertsioaren kontrako euren babesa azaltzeaz gain, igoeratan lagundu zuten. Bertan izan ziren, besteak beste, Aitor Zubieta, Aritz Lasa, Peio Martinez de Eulate eta Oskar Lasa pilotariak, Alex Txikon eskalatzailea, Imanol Goñi eta Xabier Zarranz korrikalariak, Lasterbidean taldekoak, Gorka Verdugo txirrindulari ohia, Maite Ruiz de Larremendi eta Yanira Aristorena palistak, Sakana Bizirik taldeko mendi korrikalariak, Etxarriko futbol taldeko kideak, Munarrizen senitarteko eta lagunak eta, jakina, Nourdine Jdi eta Fiti korrikalari sakandarrak, beste asko eta askoren tartean. Nourdinek eta Fitik lehendabiziko igoera egin zuten Aritzekin eta ekimenarekin jarraitu zuten, Munarrizen erronka bere eginez. Fitik 10 igoera egin zituen eta Nourdinek 7. Aritz Munarrizek goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara, 12 orduko epe horretan 11 igoera egin zituen Hartzabalera, 74 km eta 6.000 metroko desnibel positiboa. Eta hori guztia Hartzabal igoeran bildutako herritarren txalopean.

Erronka burutzen zen bitartean, Etxarri Aranatzen jarritako pantailan Hartzabaletik bidalitako irudiak eskaini ziren eta burututako igoera bakoitzeko itxafigua jaurti zuten. Arratsaldeko zazpietan Etxarri Aranazko plazan burutu zen ekimena, jende ugari bildu zuen ekitaldiarekin. Han preso eta senitartekoek zigortzen dituen dispertsioarekin bukatu behar dela azaldu zuten. “Behar duguna da konpromisoak hartzen jarraitzea, eragilez-eragile eta norbanakoz-norbanako, hau konpondu nahi badugu. Ezin dugu gehiago onartu gure senideak hain urruti egotea. Lehen pausua da presoak Euskal Herrira ekartzea eta hurrena denak etxean izatea. Horretarako erronka asko dauzkagu aurretik bidean” azaldu zuten Saretik.

74 km eta 6.000 metroko desnibel positiboa
Aritz Munarrizek Facebookean azaldu duenez kontentu dago egindakoarekin. Une oro erritmoari eutsi ziola aipatu zuen eta ez zuela bajoirik izan. “Ikusgarria izan da, horrenbeste jendearekin. Horrek ere bultzatzen du” aitortu zuen. “Familiko babesakin momentu guziyen, launek, Sakana Bizirik mendi taldea, herritarrak, Asier Beltza, Ana Carmen Huarte eta herritarren harrera izugarriye! Presuen senidiek, hau zuengatik due! Meziezubielakos! Maite zaituztegulakos!” azaldu zuen etxarriarrak. Eguna gogorra izan zela gaineratu du. “Gorra egune, 12 ordu, 11 igoera, 74 kilometro eta 6000 metroko desnibela goraka. Izugarri, ezta? Ba izugarriyo da presuen guraso, senide, lagunek... ein bierra izeten ttubien kilometro piyek berayei bixitetzeko, zer da goorro? Ezto eskubideik!” Aupa zuek!” gaineratu zuen.