Etxeen isolamendu termikorako diru-laguntza handiak

Guaixe 2015ko eka. 27a, 10:15
Urdiaingo etxebizitzak.

Orain arte ez bezala, Nafarroako Gobernuaren eta Idaeren bidez banatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira.

Sakanako Mankomunitateko Zaharberritze Zerbitzuko Joakin Ansok jakinarazi digunez, etxebizitzak isolatzeko banatzen diren bi diru-laguntzak bateragarri bihurtu dira eta horrek lanen aurrekontuak etxejabeen poltsikoari min txikiagoa ekarriko dio. Europako legediak 2020rako ongi isolatuta dauden etxebizitzak nahi ditu, zero kontsumoa dutenak. Egiteko horretan estatua oso atzeratuta dago eta Europatik isunak ere jaso ditu. Diru-laguntzak bateragarri eginez etxeen isolamendu termikoaren hobekuntzari bultzada eman nahi diote. Eta ondorioz, energia aurrezpena, energia eraginkortasuna hobetzea eta CO2ren isuriak murriztea lortu nahi dute.

Idea Pareer Crece
Industria, Energia eta Turismo Ministerioak 200 milioi euroko poltsa du etxeetako inguratze termikoa hobetzeko. Hobekuntza lanen aurrekontuaren %30 estaliko du diru-laguntzak. Horri %5 gehiago gehitu dakioke eraikinaren energia eraginkortasunak letra bat gora egiten badu. Eta babestutako etxebizitza komunitatea bada %15eko laguntza gehiago. Guztiak batuta, beraz, kasu batzutan lanen erdia ordaindua luke komunitateak.

Idaek berak lanak egin ahal izateko maileguak ematen ditu. Etxebizitzaren araberako formula bat erabiltzen da horretarako, baina lanen %60 estaltzeko mailegua da, 12 urterako eta euriborra gehi 0 interesarekin.

Nafarroako Gobernuarena
1980ko ilbeltzaren 22aren aurretik eraikitako etxeek jaso dezakete foru administrazioaren diru-laguntza. Bestalde, gutxieneko bat isolatu behar dira eraikinak  eta horren araberako diru-laguntza ematen du. Taula zehaztua du gobernuak. Aurrekontuaren %40 estaltzeko laguntza da Nafarroan ematen dena.

Beraz, bakarren batzuek lana estaltzeko %90 jasoko lukete. Baina diru-laguntzak diru-sarrera estra gisa hartuak daudenez, errentaren arabera zerga ordaindu beharko luke etxejabeak edo ez. Ansok azaldutakoaren arabera inbertsioa bospasei urtetan amortizatuta dago eta 25-30 urterako balio duen zaharberritzea egin zaio etxebizitzari. Horregatik, komunitateetan obrak egitea aztertzen ari direnak diru-laguntzen informazioa jasotzera gonbidatu ditu. Etxebakarrei dagokionez, teknikariak gaztigatu digunez, 30.000 euroko lanak egin beharko dituzte diru-laguntza eskatu ahal izateko.

Eskasa
Ansok azaldu digunez, “orain arteko etxebizitzek oso isolamendu termiko txarra dute”. Europatik passive house-era jotzen ari direla azaldu digu, 23 cm-ko zabalerako inguratze termikoa dute. 1997ra arte estatuan 3 cm-koa zen, 2006tik 6 cm-koa. 2014an 14 cm-ra aldatu zuten eta 2020rako Europarako bera izanen da.