Sakanako Garapen Agentziak (SGA) kudeatuta Acimuth enpresak egin du azterketa egin du. Eta horren berri aurkeztu zien atzo udal arduradunei. SGAko Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, “diagnosiaren bidez udal bakoitzak zenbat energia kontsumitzen duen eta horrek duen kostua azaltzen da. Kontsumo puntuen lehentasunak ezartzen ditu eta energia auditoretza sakonagoak egiteko bide ematen du”. Iriberrik gaineratu duenez, “helburua Sakanako Plangintza Energetikoa da, Sakana 2020 Plan Estrategikoan jasoa dagoena”. Europako Toki Garapenerako Programako diru-laguntza baliatuz egin du SGAk energia diagnosia.
Diagnosian zenbat kontsumitzen den aztertu da, ez nola kontsumitzen den. Hurrengo pausuak energia auditoritza zehatzagoak egitea izanen litzateke. Diagnosiak emandako lehentasun puntutan hasiko dira auditoritza horiek egiten. Izan ere, gaur egun udal bakoitzak energia planak dituzte, batzuk besteak baino garatuagoak, baina energia plangintza orokorrik ez dago. Udal guztiek energia arloan jarraituko luketen estrategia bat sortu nahi da, “herri bakoitzaren berezitasunak mantenduz” zehaztu du Iriberrik.
Ondorioak
SGAko kideak esan digunez, egindako energia diagnosiaren epe motzeko ondorioa izanen da energia gastuaren murrizketa, “dela kontratatutako potentzia doituz (20.000 euroko aurreztea) edo komertzializatzailea aldatuz (43.000 eurokoa)”. Epe luzeko ondorioa da Sakanako Energia Plangintzaren oinarria izanen dela. Hainbat jarduera aurreikus daitezkeela esan digu Iriberrik: “energia auditoretzen beharra neurtu, energia arloan, udal langileei prestakuntza eskaini, bateratutako energia erosketa proiektuak sustatzea, energia berriztagarrietako proiektuen bideragarritasuna aztertzea, sentsibilizazio kanpainak egitea eta abar”.
Diagnosiak erakutsi duenez, orokorrean udalek kontratatua duten potentzia behar baino handiagoa da. “Doikuntza eginda aurrezpen handiak lortu daitezke. Esaterako, kontratu batean 8.000 euroko aurrezpena egiteko aukera. Diru asko da hori udal batendako”. Udalek kontratatutako prezioetan, azpiegituretan… ezberdintasunak agerian utzi ditu energia diagnosiak eta orain, udal bakoitzari bere txostena emanda, SGAko kideak haiekin lanean ariko dira. Sakanako Energia Plangintza zehazteko bidea emanen dute harreman horiek. Etorkizunean energia eraginkortasuna hobetzeko proiektuak landuko lituzke agentziak udalekin.
Ekoizpen potentziala
Duela bi urte ibarrak duen biomasa potentziaren azterketa egin eta ustiapen plangintza garatu zen. Aurten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) bi ikaslerekin bi proiektu egin dira. Hidraulika txikien (ibai bazterreko errotak) potentzialaren azterketa egin da lehenik. Iriberrik aurreratu digunez, “ez du emaitza onik eman. Zer potentziala dagoen ikusi dugu. Egungo legediak asko zailtzen dute haien errentagarritasuna. Legea aldatzen denean proiektuari heltzeko gai izanen gara”. Haize mapa ere egin dute EHUko ikasleek eta proiektu eolikoak ibarreko zein puntutan den interesgarrien garatzea zehaztu du. “Momentuz gaitasuna aztertzen ari gara, baina energia diagnostikoarekin eta industriekinn energia kudeaketa proiektuekin ere oso interesgarria da halako informazioa izatea”, esan du Iriberrik.
Energiarekiko halako kezkaren zergatiak galdetuta, agentziako kideak hainbat arrazoi aipatu ditu. Klima aldaketa lehenik. Bestetik “dugun energia pertzepzioa ez da ona, energia asko kontsumitzen dugu eta askoz ere gutxiago kontsumitu dezakegu”. Azkenik, ingurumena mantentzearen beharra nabarmendu du eta horretan “udalek eredu izan behar dute eta hezkuntza hori ibar guztira zabaldu beharra dago”.
Udalen energia kontsumoa
Udala Elektrizitate kWh/urteko Gas kWh/urteko Gasolio kWh/urteko
Altsasu 1.683.328 2.113.651 43.147
Etxarri Aranatz 656.368 415.336 0
Olatzagutia 435.849 370.799 102.850
Arbizu 511.878 116.468 453.884
Irurtzun 442.783 344.468 89.819
Uharte Arakil 260.243 136.091 0
Lakuntza 312.497 145.036 0
Urdiain 159.691 0 74.397
Bakaiku 114.452 13.116 0
Iturmendi 100.861 0 53.702
Irañeta 67.089 0 0
Lizarraga* 46.727 0 0
Dorrao* 29.784 0 0
Mank-en egoitza 20.494 30.449 0
Unanu* 37.844 0 0
Arruazu 20.052 0 0
Arakil 84.606 0 0
Ergoiena 1.919 0 9.151
Guztira 4.986.466 3.685.444 826.949
*Kontzejuak
1.126.752 euro urteko
Hori da Sakanaren energiaren faktura publikoaren kostua (9.498.860 kWh urteko). 54,95 euro sakandarreko.