Enpresek kooperaziorako tresna berria dute

Guaixe 2015ko eka. 26a, 08:19

Sakanako Enpresarien Elkarteak bere web orria berritu eta Sakanako Enpresen Sarea tresna dinamikoa sortu du. Ibarreko enpresa ehunaren irudi erreala ematen du, enpresen arteko elkarlana erraztu eta sinergiak dinamizatzeko balioko du.

Sakanako eta Nafarroako Mendialdeko enpresek elkarren berri izateko eta, aldi berean, ibarreko industria ehunaren aurkezpen txartela izan dadin sortu da Sakanako Enpresen Sarea. Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) bere web orrian, www.aesakana.com, izanen da sarea. Elkartetik azaldu digutenez, “Sakanako Enpresen Sarea tresna berritzailea eta sortzailea da, enpresen lankidetzarako oinarri izanen dena”.

SEEk Arbizuko Olatzea hotelean atzo aurkeztu zuen tresna berria, hilaren akaberarako martxan izanen dena. Sakanako Enpresen Sarean haren aurkezpenaz aparte eskualdeko enpresen katalogoa dago. “Dagoeneko 60 enpresen berri ematen duen katalogoa osatu dugu baina, logikoki, sarrera berriekin egokitu eginen da”. Enpresa bakoitzaren berri eman eta kontakturako bideekin batera, “enpresek dituzten beharrak azaltzeko formularioa osatzeko aukera izanen dute, beste enpresa batzuek erantzuna eman diezaioketelako”.

Sakanako Enpresen Sarearen beste atal bat Enpresaren Defendatzailea atala da. “Demagun enpresa bati argindarra hirutan joan zaiola. Industrialde berean beste enpresa batek antzeko arazoaren berri ematen badu, elkartea kexuak kudeatzez arduratuko da”, azaldu digute elkartetik. Atal horretan enpresek proposamenak, galderak eta kontsultak egiteko aukera izanen dute.

Aurreko lana
Asteartean aurkeztutakoa SEEren Zure enpresa modu arrakastatsuan kudeatzeko plana programa itxi du. Gure erakundeen lehiakortasunerako oinarriak: berrikuntza, sormena eta enpresa lankidetza azpititulua du programak. Europako diruarekin hornituta dagoen 2007-2013 Nafarroako Tokiko Garapen Programarekin landu du bere plana SEEk, “enpresa kultura eta izpiritua sustatu eta enpresa sareak eta lankidetza sortzeko ekimenen barruan”.

SEEk 2013an jaso zuen diru-laguntzarekin Sakanako eta Leitzaraneko 31 enpresa aztertu zituen. “Laguntzak ez zuen gehiagorako ematen”. Enpresa bakoitzaren estrategia, komertzial, finantza eta giza baliabideen arloen diagnosia egin zen. “Berrikuntza eta sormen parametroak kontuan izanda enpresendako txostena egin zen”, azaldu digute elkartetik.

Horren ondoren, enpresa entrenamenduaren txanda iritsi zen. Aipatutako lau arloetan adituak diren Enrique Larunbe (estrategia eta komertziala), Joan Josep Bosch (finantza) eta Marian Salaberria (giza baliabideak) ezohiko prestakuntza saioak jaso zituzten: “enpresei tresnak eman zizkieten arlo bakoitza lan dezaten eta egunerokotasunak eraman ez ditzan; aldi berean, arloka lan egiteko lan moldea ezarri eta funtzionamendu egokirako baliabideak izateko”.

Planaren hirugarren zatia tailer esperimentalak izan ziren. Haietan enpresa bakoitzaren lan moldearen berri ematen zuten eta sinergiak sortzeko bidea eman zuen. Esaterako, komertzial arloan. Azken atala Sakanako eta Mendialdeko Enpresen Sarearen sorrera izan da eta tresna “garrantzitsua” dela nabarmendu du SEEk. Lan horri segida eman nahi dio elkarteak eta 2014-2020 Nafarroako Tokiko Garapen Programako diru-laguntza deialdira aurkeztuz. “Mendialdeko eskualde gehiago hartu nahi ditugu, Leitzaran, esaterako”. Astearteko bileran programa horretarako eta sarea bera hobetzeko ideiak jaso zituen elkarteak.