Gorenak 35/02 auziko epaia berretsi du

Zortzi auzipeturi, Aldasoro tartean, zigorrak murriztu dizkie eta herriko tabernak konfiskatzeko agindua berretsi du.

Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den urtean emandako epairen ildo berekoa izan da Gorenak aurreko ostegunean eman zuena. Egindako aldaketa bakarretakoa auzipetu batzuen helegitea partzialki onartzea izan da, auzi-bidearen “luzamendu bidegabea oso larria” izan baita.

Hala, “ETAren fronte instituzionala” osatzea eta “erakunde terroristako” kide izateagatik auzipetutako zortziri zigorrak murriztu dizkie. Horien artean dago Juan Kruz Aldasoro. Urtebete eta 10 hilabeteko zigor berria ezarri dio Gorenak. Auzitegi Nazionalak aurretik 3 urtekoa ezarria zion. Behin behineko espetxealdian 2 urte eta 5 hilabete eginak ditu etxarriarrak. Bestalde, 6 urterako zuen inhabilitazioa urtebete eta 10 hilabetekoa izatera pasa da.

Auzi berean berretsitako zigorren artean Jaione Intxaurragarena dago. Urdiaindarrari eta beste 11 euskal herritarri “ETAren egitura” finantzatzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eta 4 urteko inhabilitazioa ezarri zien. Intxaurragak bi urte eman zituen behin behineko espetxealdian.

Bestalde, Gorenak 101 herriko taberna bahitzeko agindua eman du ere. Horien artean dago Altsasuko Herria Eginez elkartea. Larunbatean Zarautzen egindako agerraldian auzitegiak “1936an faxistek eginiko lokal eta hondasun lapurreta erreproduzitu” duela eta “herrikoen lapurreta” salatu zuten. Aldi berean, “herriko tabernen defentsa eginen dugu eta haiek defendatzera” deitu zuten, asteburu honetarako mobilizazioak iragarriz.
Defentsako abokatuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko dutela iragarri dute.

13 urte eta 3 hilabete
Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen 35/02 edo herriko tabernen auzia. 2002ko apirilaren 29an agindu zituen lehen atxiloketak eta bahimenduak.