Urbasako saroian eraildakoen identifikazioa

Lur emate duina

Guaixe 2015ko eka. 30a, 11:44

Gerrakoan Urbasako saroian fusilatu eta lezera bota zituzten bederatzi gizonen hezurdurei han bertan eman zieten lur senideek igandean: Clemente Araña, Paulo Garciandia, Andres Gonzalez, Antonio Maiza eta Narciso Artola etxarriarrak, Balbino Garcia de Albizu Asurabarrena, Gregorio Garcia Larranbebere eta Balbino Bados Garcia ameskoarrak eta identifikatu gabeko hezurdura.

Hiltegia hilobi bihurtuta. Halaxe laburtu zuen eraildakoetako baten iloba den Balbino Garcia de Albizu Jimenezek igandeko ekitaldia. Berak abiatutako ikerketari esker han erail zituzten pertsonak identifikatzea lortu zen. Senideek egun hunkigarria eta emozioz betetakoa bizi izan zuten.

Informazioa lehenik
Eraildakoen familiakoen lehen hitzordua Ameskoako eskola publikoan, Zudairen, izan zen, 9:30ean. 150 bat senide elkartu ziren. Haiekin batera zeuden gonbidatuak eta ikerketako kolaboratzaileak izan zirenak ere. Joxe Urbizu zegamarraren hezurdurari herrian lur eman zioten eta, horregatik, haren senideak ez ziren Zudairen izan.

Ikastetxeko topaketan Garcia de Albizuk gertaeren berri eman zuen. Fusilamenduen pasartea. Eta 50eko hamarkadan lezera jaitsi zen Eugenio Roa Lizarrako espeleologoak han opatutakoa: “ikusitakoarekin oso gaizki pasa zuen. Entzuna zuen, baina espero baino gorpu gehiago opatu zituen”. Informazio horrekin eraildako Balbino Garcia Usarbarrenaren alaba Mercedes ezagutzen zituen beste bi eraildakoen (Gregorio Garcia eta Balbino Bados) senideekin harremanetan jarri zen eta lezea ixtea eta haien izenekin hilarria jartzea erabaki zuten.

2010eko gertakariek identifikazio prozesuak azkartzea ekarri zuten. Ameskoako lau udaletan mozioak onartu ziren eta 2012an eraildakoei lezean bertan omenaldia egin zitzaien. Aldi berean, iloba ikerlariak eta Eulateko Udalak gorpuak ateratzeko eskaerak egin zituzten. Ikerketa lanean aritu zirenetako bat Jose Mª Jimeno Jurio izan zela gogora ekarri zuen Garcia de Albizuk.

Aranzadi zientzia elkarteko Paco Etxeberriak eta Lourdes Herrastik zuzendutako taldea 2013ko martxoan hasi zen lanean. Igandean, proiekzio baten bidez, senideei identifikazioa nola egin zen azaldu zieten. Historia ikerketa lanak identifikazioa erraztu ziela nabarmendu zuten Aranzadiko kideek.

Aranzadikoek jaitsi zirenetik hasita, lezean opatu zutenaren eta txosten antropologiko forentsearen berri eman zuten. Guztiek buruan tiro bana zuten; bik bina tiro eta beste batek bularrean, antza, autotik jaitsi nahi izan ez zuelako. Kontaketa gogorra izan zen senide askorendako, hezurduren irudiak lezean ikusteko aukera izan baitzuten. Jakin ere egin zuten eraildakoak lezera bota ondoren gorpuez elikatzeko hara bizirik zeuden bost txakur jaitsi zituztela hiltzaileek. Horregatik, hezurrak lezean barna sakabanatuta opatu zituztela argitu zuten Aranzadikoek. Guardia Zibilak leherrarazi zuen granada bat eta objektu pertsonal gutxi batzuk ere opatu zituzten.

Lezera
Zudairen eraildako bederatzien gorpuak kutxa barruan zeudela ikusi zituzten senideek. Hango une gogorren ondoren, haiek hartuta, guztiak Urbasako saroiko eraildakoen lezera joan ziren. Eguerdian senideek hilkutxak lezearen ondoan jarri zituzten eta haietaz despeditu ondoren Aranzadiko kideei pasa zizkieten. Plastikozko poltsa banaren barruan zientzia elkarteko kideek hilkutxak, banaka-banaka, lezera jaitsi eta toki egokian kokatu zituzten. Lezea itxi aurretik senideek loreak bota zituzten eta kantatu zuenik ere izan zen. Bat-bateko ekitaldi xumea izan zen. Hiletan hildakoei duintasunez lur eman ondoren haien 50 bat senide elkarrekin bazkaldu zuten. Guztiek Garcia de Albizurrendako, “egindako lanagatik eta lortutako guztiagatik”, esker oneko hitzak besterik ez zituzten izan.

Izen-abizenak
Urbasako saroian Ameskoako hiru hildakoen izen-abizenak dituen hilarria dago 50eko hamarkadatik. Hura jartzea estatuan memoria historikoko lehen ekitaldietako bat izan zen. Orain haren ondoan falta diren hildakoen izenak dituen antzeko beste hilarri bat jarriko dute senideek.

Saroiko lezean agertutako hamar pertsonetatik bakarra falta da identifikatzeko. Hari izen-abizenak jartzeko Garcia de Albizuk eta Amaia Urkijok ikerketa lanean segitzen dute. Urkijok esan digunez, “historia ikertu, gertakariak aztertu eta zein izan daitekeen jakin nahi dugu”. Bere beste aitona ere eraila izan zen. Otsoportillon egon liteke eta, horregatik, han erail zituztenak identifikatzeko lanean segitzen dute. “Prozesu bera errepikatuko litzateke”. Dozena bat sakandarren gorpuak opatzeko daude oraindik: urdiaindar bat, sei altsasuar, hiru olaztiar eta bi ziordiar. Arabako Lautadako eta Iruñekoren bat egon daitezke ere Otsoportillon.


Faktura
Eraildakoak identifikatzeko DNA probak egin zituzten. 10.500 eurokoa da faktura. Memoria Historikoaren Legearen arabera Nafarroako Gobernuak ordaindu behar ditu identifikazio gastuak. Baina senideek eta Ameskoako, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko udalek aurreratu dute dirua. Urkijok espero du gobernu berriak bere egitea, “legea gauzatzearen alde hainbatetan azaldu baitira”.


Hitzordua
Senideek eta Etxarri Aranazko Udalak, 1980az geroztik, iraileko lehen igandean omenaldia egiten dute Otsoportillon. Erail zituzten datatik gertuen dagoen jai-eguna aukeratu zuten horretarako. Aurtengo omenaldia, 35. edizioa, berezia izanen da Otsoportillon zeudela uste zirenak saroiko lezean identifikatuta daudelako. Urkijok esan digunez, “Otsoportillo Urbasan eraildako guztien sinboloa da”. Oraindik zehaztu gabe badute ere, aurten omenaldia bi lezeen ahoan eginen dela pentsa du Urkijok.


Zabalkundea
Garcia de Albizu Conociendo el pasado amescoano lanaren bosgarren liburukia prestatzen ari da: El matadero de Urbasa. Argitaratzen denean Urkijok haren aurkezpen bat Sakanan egin nahiko luke. Interesa ere azaldu diete. Etxarri Aranazko Udaletik dagoeneko horretarako interesa azaldu du.