Bidelagun elkartea lanean

Guaixe 2015ko uzt. 3a, 09:52

Errotain zaldi ibilbideak enpresaren jarduna bertatik bertara ezagutu ondoren, Urdiaingo errotan batzarra egin zuen Bidelagun elkarteak. Sakanako turismo eragileak biltzen ditu elkarteak. Aurrera begirako egin beharrekoak zehaztu zituzten, beti ere, “Sakanan turismoa mugitzeko asmoz” Alfonso Nuin Cartujo elkarteko presidenteak azaldu digunez.

Bileran elkartu zirenak eskaintzen paketeak nola egin aztertu zuten. Nuinek azaldu digunez, alojamenduarekin batera astebururako bizpahiru esperientzia osatzen duten paketeak eskaintzeko formulak aztertzen ari dira. Eskaintza horiek udazkenerako prest izan nahi dituzte.

Bestetik, uda ondoren Bidelagun elkarteko kideendako prestakuntza saioak izanen dira. Alde batetik, Sakanako historia eta natura nolakoa den ikasiko dute. Eta, bestetik, ezagutza hori teknologia berrien bidez nola zabaldu eta Sakana marka sarean zabaltzen trebatuko dira. Hirugarren ikastaroa, argazkilaritzari buruzkoa, sakandar guztiei zabalik izanen da. Prestakuntza saio horiek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin antolatu du Bidelagunek.

Azokak
Diru-laguntza bat tarteko Bilboko turismo azokan izan zen Bidelagun elkartea Sakanaren eskaintzaren berri emateko. Asteburuetan dituzten bezeroak inguruko probintzietakoak direnez, gertuko turismo azoketan presente egotea interesgarri jo du Nuinek. Zehaztu digunez, oporretara jendea urrutiagotik etortzen da.

Halako azoketan Sakanaren berri emateko esku-orriak egiteko diru-laguntza ere jaso du. Web orria eraberritzeko laguntza ere jaso dute eta horri ekinen diote aurki. Bestalde, Sakanako Mankomunitateari aldizkari bat egiten lagundu diotela aurreratu digu Nuinek. Aldi berean, Nafarroako Gobernuak ibarrari buruz duen turismo informazioa aztertzen ari dira Bidelagun elkartekoek egon litezken akatsak zuzendu edo informazioa aberasteko.

36 kide
Gaur egun Bidelagun elkarteak dituenak. Joan den urte akaberan 16 ziren. Elkartean izena eman nahi duenak 680 532 232 (Alfonso) telefono zenbakira hots egin dezake.