Atzerritik etorritako 11 emakumeen talde boluntarioa bat atzo hasi zen Berrenoako galtzada berreskuratzeko lanean. 10:00etatik aurrera ekin zioten aitzurrekin eta palekin galtzada gainean zegoen lurra, orbela eta bestelakoak kendu eta galtzada agerian uzteari. Urbijotzenden zubitik Santatriteira doan galtzada zatian aritu dira lanean. Aurretik, pasa den astean, etxarriar talde batek eta udaleko langileek, auzolanean, sasi handienak kendu zituzten, lehen garbiketa eginez.
Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola Matxainek esan digunez, Etxarri Aranatzen, Bakaikun, Iturmendin eta Urdiainen, bakoitzean, bi egun eta erdi ariko dira lanean boluntarioak. “Toki interesgarrienak agerian uzteko lan eginen dute”. Manterolak gaineratu duenez, “asmoa, haiek galtzadaren berreskurapenari lehen bultzada ematea da eta ondoren herrietako boluntario taldeekin segida ematea”.
Auzolanak
Bihar eta hurrengo asteko larunbatean auzolanak izanen dira. Biharkoa Etxarri Aranatzen eta hurrengoa, zehaztua ez badago ere, Urdiainen izan liteke. Udalak eta Agentzia gazte asanbladekin eta kintoekin harremanetan jarri dira, atzerriko gazteekin batera haiek ere galtzadaren berreskurapenean aritzeko. “Haiekin harremanetan jartzen bertako gazteek ingelesa praktikatuko lukete eta, aldi berean, bertan dugunaren balioa ikusiko lukete”.
Manterolak, bestalde, gogora ekarri du Berrenoako galtzadak Sakana eta kosta lotzen zuen. “Kostarako bidea zen, mandazainak joan etorrian ibiltzen ziren basotik barna. San Joan baleontzia egiteko ere bide hori egin zuten enborrek”.