Hizkuntza politika berria eta azpiegitura egitasmoen berrikuspena

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 17:29
Akordioa lortzeko aldeek egindako bileretako bat.

Horiek jasotzen dira Nafarroako Gobernua osatzeko lau alderdik sinatutako akordioan. Zortzi gai utzi dituzte adosteko eta horien artean dago Euskararen Lege berria egitea.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak 614 neurri dituen gobernu akordioa itxi dute. Uxue Barkosek zuzenduko duen Nafarroako gobernu berriaren jarduna gidatuko duen akordioa da. Hizkuntza politikari dagokionez, lau indarrek adierazi dute euskara “minorizazio linguistiko egoeran dago eta berreskuratze prozesu baten beharra du eta hartatik nafar guztiak aberastu eta onurak jaso behar dituzte”. Horregatik, “herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko duen hizkuntza politika berriaren alde” egin dute.

Haren ardatzak ere zerrendatu dituzte: zeharkakoa, politika publiko guztiak eta gizartea hartuko duena; progresiboa eta errealitate soziolinguistikoetara egokitua; eraginkorra, ongi planifikatua eta ebaluatua; parte-hartzailea, euskararen sustapenean lan egiten duten herritarrekin eta gizarte eragileekin elkarlanean; hizkuntza eskubideak bete ahal izateko araudi egokia izan dezala; euskarari gizarte prestigioa ematea eta, azkenik, askatasuna eta borondatezkotasuna.

Lau alderdien iritziz, “Nafarroako Gobernuak izan behar du hizkuntza politika proaktibo eta positibo baten bultzatzaile nagusia, hala nahi duten herritarrei administrazioarekin euskarazko komunikazioa bermatuz. Gizarte arloan, estrategikoak jo dituzte helduen alfabetizazioa eta euskalduntzea eta euskaraz ari diren hedabideak.

Hezkuntza arloan adostutako printzipioen artean daude hizkuntza aniztasunaren sustapena, “Nafarroako berezko bi hizkuntzen, gaztelaniaren eta euskararen, ezagutzatik abiatuta”. Horrekin batera, hizkuntza murgiltzearen eta euskarazko irakaskuntzaren zabalkundearen aldeko apustua ere eginen du gobernu berriak.

Euskararen inguruko 19 akordio
1.    Herritarren  hizkuntza eskubideak bermatzeko araudi egokia garatzea.
2.    Euskararen Legearen azken moldaketa garatu eta Nafarroa guztiko ikasleek D ereduan ikasteko aukera bermatzea.
3.    Hizkuntza politikako antolakuntza unitatea egoki kokatu departamendu guztiak eta gobernuaren jarduera guztia hartu eta zeharkakotasun izaera izateko.
4.    Ekitaldi publiko, komunikazio, protokolo ekitaldi eta, orokorrean, foru erakunde publikoen irudi korporatibo guztian euskararen presentzia egokia bermatu.
5.    Gizartean euskararen irudia prestigioa eman eta haren ezagutza eta erabilerari buruzko gizarte sentsibilizazioa sustatuko duen komunikazio estrategia berria, berritzailea eta integratzailea, garatzea.
6.    Euskararen Kontseilua berritu, osaeran gizarteari parte hartze handiagoa emanez, baita eskumen gehiago ere.
7.    Euskararen  egoeraren diagnosi oso eta eguneratua egin, eta Euskara Kontseiluak Plan Estrategiko errealista, egingarri eta eraginkorra diseinatu dezala, gobernuak garatuko duen hizkuntza politikaren oinarri izanen dena.
8.    Hizkuntza eskubideak bermatzeko, administrazioaren arloan herritarrei ahalik eta arreta gehien euskaraz ematen saiatzeko konpromisoa hartu. Langileriaren diagnosia egin eta zirkuitu elebidunak martxan jarri.
9.    Toki erakundeekin elkarlan hitzarmena berreskuratu. Erakunde publikoen hizkuntza politikak koordinatzeko eta optimizatzeko eta baliabideak partekatzeko helburuz. Udal euskara zerbitzuak zabaldu, dagoen edo sortu daitekeen eskaera aintzat hartuz.
10.    Helduen alfabetizazio eta euskalduntzera aurten premiazko diru-sail bat bideratzea. Euskaltegien egonkortasuna bermatuko duen elkarlan hitzarmena sinatzea. Hala, azken urteetako murrizketak konpondu eta euren lana egiteko beharrezko finantziazio mailak berreskuratzeko.
11.    Helduen euskalduntze eta alfabetizazio zentro publikoek jasotzen duten eskaera guztia erantzutea bermatzea.
12.    Euskarazko hedabideen finantziazioa berreskuratu eta hobetu, baita zehaztutako graduan erabiltzen dutenena ere. Horretarako, hitzarmenak eta laguntza deialdiak eginen dira.
13.    Finantziazio publikoa jasotzen duten hedabideek programazioaren ehuneko bat euskaraz emititu beharko dute, deialdi bakoitzean zehaztuko dira ratioak.
14.    Euskarazko hedabideetara nafar guztien iristea bermatzeko neurriak hartzea.
15.    Plan Estrategikoaren barruan, administrazioaren berezko jardueretan euskarazko nahiko eskaintza bermatzea kultura, kirola, aisia eta aisialdian. Baita gizarte erakundeek egiten dituztenei babesa ematea.
16.    Arlo sozio-ekonomikoan euskararen sustapena eta erabilera laguntzea, eta enpresetan eta bestelako erakundeetan euskara planak garatzeko diru-laguntza lerroa zabaltzea.
17.    Euskara ezagutza handia eta erabilera orokortua duten espazioen funtzio estrategikoa aztertu eta inguru horietan politika berezituak aplikatzeko aukera aztertu.
18.    EAEko eta Iparraldeko instituzio eta erakunde publikoekin eta euskararen ikerketa eta sustapenera gizarte eragileekin (Euskaltzaindia eta abar) kolaborazioa normaldu eta hobetu.
19.    Adostutako neurriak nahikoa finantziazio eta giza baliabide izateko konpromisoa.

Azpiegitura egitasmoez
Toki garapenari bultzada emateko Cederna-Garalur moduko egiturak sendotzea aurreikusten du gobernu akordioak. Sakana ukitzen duten azpiegitura zenbait egitasmo aipatzen dira lau alderdien arteko akordioan. Batetik, tren garraioari dagokionez, Nafarroa Mediterraneoa-Atlantikoa ardatzetik kanpo ez gelditzea erabaki dute, horretarako “nazioarteko estandarrekin bateragarria den konponbidea emateko” lan eginen du gobernu berriak.  

Hondakinei dagokionez, lau indarrek ahalik eta hondakin gutxien sortzera jotzeko jarrera garbia hartu dute. Hondakinen murrizketaren, berrerabilpenaren eta birziklatzearen aldeko apustua egin dute. Plan berri  baten barruan, gizartearen eta eragileen parte hartze prozesu baten bidez errefusaren tratamendu egokirako teknikak zehaztuko dira, ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspuntuak kontuan izanik. Bestetik, gobernu berriak Olatzagutiko porlandegiak hondakinak errausteko duen baimenaren egoera juridikoa aztertuko du.

Bestetik, elektrizitate hornidura sarearen ikerketa zehatza eginen du, hura egoki planifikatu eta gauzatzeko. Horren barruan, Sakanan barna egin nahi den Deikaztelu eta Itsaso arteko goi tentsioko linea beharrezkoa den edo ez aztertuko da. Horretarako, energia ebakuatu beharra eta sortzen duen ingurumen eragina aztertuko dituzte. Horren inguruan egitasmoak ukitutako herrien iritzia jasoko du gobernu berriak. Azkenik, lur azpitik gasa haustura hidrauliko edo fracking teknikaren bidez ateratzea baztertu dute lau alderdiek.