Sanferminetako lau t´erdiko txartelaren bila

Guaixe 2015ko uzt. 3a, 12:28

Aspe adarreko Sanferminetako lau t´erdiko finalerdia jokatuko dute gaur Ezkurdiak eta Irujok

San Fermin egunean, ohi denez, Sanferminetako lau t´erdiko finala jokatuko da, eguerdian. Asteburu honetan zehaztuko da zeintzuk jokatuko duten finala. Aspeko final erdia gaur jokatuko da, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Aurretik Jon Jaunarena eta Julen Retegi kanporatzeagatik datorren Joseba Ezkurdia arbizuarrak Juan Martinez de Irujo izango du aurkari. Partida zuzenean eskainiko du ETB1ek. Irujo da faboritoa baina Joseba Ezkurdia kaiolan partida bikainak egitetik dator eta ez dizkio gauzak batere erraztuko Iberokoari. Ea sakandarra astearteko finalera heltzen den.
Asegarceko adarrean, Aimar Olaizolak eta Iker Arretxek jokatuko dute Sanferminetako lau t´erdiko finalerdia, larunbatean.

Sanferminetako binakakoan Ezkurdia eta Zubieta bikote
Sei bikote ariko dira Sanferminetako Binakako Torneoan. A multzoan Olaizola II-Untoria, Berasaluze II-Albisu eta Altuna III-Rezusta, eta B multzoan Bengoetxea VI-Beroiz, Irujo-Barriola eta Ezkurdia-Zubieta. Hortaz, beste behin biko sakandarra izango dugu txapelketa batean, kasu honetan Joseba Ezkurdiak eta Aitor Zubietak osatutakoa.
Ezkurdiak eta Zubietak garilaren 8an ekingo diote Sanferminetako Binakakoari. Bengoetxea VI.a eta Beroiz izanen dituzte aurkari, 22:15ean. Partidako galtzaileek Irujoren eta Barriolaren kontra jokatuko dute garilaren 10ean, eta irabazleak ere Irujo-Barriola izango dituzte aurkari garilaren 12an.