Gure gizartean alkoholaren kontsumoa oso normalizatuta dago, ospakizunetan erabiltzen dugu eta gizarte harremanetan lagun izaten dugu askotan. Irudi hau guztiz zabalduta dagoenez helduen artean ez ezik, nerabeen artean ere alkoholaren kontsumoa zabaldu da, eta goizegi hasten dira alkohola edaten.
Ikerketek adierazten dute nerabe eta gazteentzat alkohola kaltegarriagoa dela helduentzat baino, batez ere burmuinari begira. Adin hauetan burmuina oraindik garatzen ari da eta garun-funtzioetan konponezineko kalteak eragiten ditu, oroimenarekin lotutakoak, koordinazioarekin…
Gainera 15 urte baino lehen alkohola edaten hasi direnek lau aldiz errazago garatu ahal dute alkoholaren menpekotasuna, 21 urte eta gero hasi direnek baino. Pentsatzekoa bada, beraz, noiz eta nola hasten garen alkohola edaten. Hona hemen ondorio batzuk:
Epe laburreko ondorioak
Hitz egiteko zailtasuna, gorakadak, beherakadak, buruko mina, urdaileko mina, arnasteko zailtasunak, koordinazio falta, konortea galtzea, koma…
Epe luzerakoak
Nahi gabe jasotako lesioak: auto istripuak, erorketak, erredurak. Nahita eraginak: etxeko indarkeria, su-armaz eginak, bortxaketak. Osasunekoak: buruko isuria, gibel gaixotasunak, nerbio kalteak, sexu arazoak, gastritisa, ultzerak, baita aho eta eztarriko minbizia ere.
Nola gutxitu ahal ditugu ondorio latz hauek?
Edan ala ez edan baino garrantzitsuagoa da edateko modua. Mozkor bat uste duguna baino kaltegarriagoa da, eta horretaz konturatu behar gara. Etxean familiaren hurbiltasuna oso garrantzitsua da , gai honi buruz hitz egin beharra daukagu eta informazioa izan behar dute gazteek. Administrazioak ere badu bere lana, informazioa eta sentsibilizazioaren bidez, batez ere.
Udako kanpaina
Sakanako eta Leitzako gizarte zerbitzuetako aurtengo prebentzio programak udako kanpaina martxan ipini du. Kanpaina 14, 15 eta 16 urte bitartekoei zuzenduta dago (eskualdearen arabera) eta haren ardatza da adin gutxikoetan alkoholaren kontsumoak epe labur eta ertainean duen eragina.Familientzako eta nerabeentzako informazioa emateaz gain, motxila bate ere banatuko da. Bertako logoak era subliminalean denbora eta edandako kantitatea eta ondorioak agerrarazten ditu. Etxean jasoko dute.