100 langabe gutxiago Altsasuko enplegu bulegoan garagarrilean

Guaixe 2015ko uzt. 8a, 15:36

Altsasuko enplegu bulegoan 1.132 sakandar zeuden izena emanda aurreko hilaren akaberan, maiatzean baino 100 pertsona gutxiago. %8,12ko jaitsiera izan da. Iruñeko Zabalguneko bulegoan izena emanda dauden irurtzundar eta arakildarren datua falta da pasa den hileko ibarreko langabetu kopura izateko. Bestalde, garagarzaroan Altsasuko bulegoaren bidez itxi ziren 774 lan kontratuetatik 745 behin behinekoak ziren eta 29 besterik ez mugagabeak.

Nafarroari dagokionez, aurreko hilean langabeziak %8,91 egin zuen behera. 1.765 langabe gutxiago zeuden, guztira, 42.911 nafar. Joan den urteko garagarzaroarekin alderatuta 4.196 langabe gutxiago dago, -% 8,91 balio erlatiboetan. Sexuaren arabera, 23.896 emakume daude lanik gabe (% 2,83 aurreko hilabetearekin alderatuz jaitsi da), eta 19.015 gizon (% 5,32 jaitsi da).

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko jarduneko zuzendari-kudeatzaile Imelda Loreak azpimarratu duenez, "langabezia 2011. urtera arteko mailara jaitsi da, Nafarroak jasandako bigarren atzeraldiagatik sortutako langabezia-poltsa desagertuz". Urtebetean 4.000 langabe gutxiago izatea baloratzeaz gain, NEZko zuzendari-kudeatzaileak kontratazio-datuak azpimarratu ditu; 2014ko ekainaren aldean, % 19 igo da.