Sanferminek dakartzatena

Guaixe 2015ko uzt. 10a, 09:43
Floren Nazabalek aurreko urtean Saralegirekin osatu zuen bikoa.

Nazabal Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketan ariko da igandean, Julen Kañamaresekin bikotea osatuta, eta Beltza, Erdozia eta Resano Nafarroako II. mailako kanporaketan lehiatuko dira gaur. Astelehenean Uriak eta Agirrek 3. mailakoan parte hartuko dute. Gaur kadeteen Nafarroako Trontza Txapelketan lehiatuko dira sakandarrak

Sanferminek eguerdiro herri kirol jaialdiak ekarriko dituzte Iruñeko Foru Plazara, eta aizkorak toki garrantzitsua izango du.
Gaur, ostiralean, hilak 10, Nafarroako II. Mailako kanporaketa jokatuko da Iruñean. 11 aizkolari lehiatuko dira, hiru sakandar tartean: Goizeder Beltza eta Juan Jose Erdozia etxarriarrak eta Iban Resano dorrobarra. Haiekin batera Manolo Kañamares, Aitor Senosiain, Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Jesus Etxeberria, Xabier Mindegia, Migel Angel Etxeberria eta Mikel Indakoetxea lehiatuko dira. Guztiek bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat erdibitu beharko dituzte, eta onenek eginen dute aurrera txapelketan.

Nazabal lanera
Azkenaldian txapelketetatik kanpo egon ondoren, igandean ere aizkolari txapeldun handia lanean ikusteko aukera izango dugu, Nafarroako Binakako Aizkora Txapelketan lehiatuko baita Floren Nazabal. Etxarriarrak Julen Kañamaresekin osatuko du bikotea, eta bi biko indartsu izanen dituzte arerio: Jon Rekondo-Ruben Saralegi eta Ander Erasun-Donato Larretxea. Bikote bakoitzak sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Ea Nazabalek txapela janztea lortzen duen.

3. mailakoan bi sakandar: Uria eta Agirre
Astelehen eguerdian Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Iruñean. 8 aizkolari lehiatuko dira, Abel Uria olaztiarra eta Iosu Agirre arbizuarra tartean. Joxean Etxeberria, Oier Kañamares, Esteban Pikabea, Koldo Garcia, Moises Gogorza eta Xuban Kañamares dira gainontzeko partaideak. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte.

Gaur hiru biko sakandar Nafarroako Kadeteen Trontza Txapelketan

Nafarroako Kadeteen Trontza Txapelketa ostiral eguerdiko jaialdian jokatuko da. 8 bikote lehiatuko dira, tartean hiru sakandar: Andra Mariko Asier Jaka-Urtzi Nazabal eta Mattin Petriati-Ander Lakuntza eta Iñigo Aritzako Jon Aranburu-Unai Irigoien. Haiekin batera Basaburua-Baztaneko Unai Alema-Xabier Mitxelena eta Antton Irigoien-Iker Aleman, Berriozarreko Julen Mailharin-Unai Rodrigez eta Araxes taldeko Alaitz Olano-laura Saisgos eta Mattie Garaikoetxea eta Julen Saralegi ariko dira. Guztiek enborrari 10 epai egin beharko dizkiote.

Bukatzeko, kimuen mailako proba konbinatuen erakustaldia egingo dute Andra Marik, Araxesek, Basaburuak eta Artzanegik.