Txartel freskagarria

Guaixe 2015ko uzt. 10a, 08:44

BeleixeGuaixe txartela duten eta erosketa egiten duten guztien artean sari eder bana zozketatuko dira hurrengo hiru asteetan. Txartel freskagarria kanpainak Sakanan bertan erosketak egitera bultzatzea eta bertako komertzioak sustatzea du helburu.

Sakanako 80 establezimenduetan baino gehiagotan dago BeleixeGuaixe txartela erabiltzeko aukera. Heldu diren hiru asteetan Txartel Freskagarria kanpaina martxan izanen da. Denbora tarte horretan establezimendu horietan erosketaren bat egiten duten txarteldun guztiak sari baten zozketan sartuko dira.

Berdin da establezimenduko abantaila baliatzeko gutxieneko gastua ez egitea. Erosketa egiteagatik bakarrik dendariak izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia idazteko txartel bat emanen dio bezeroari. Eta jasotako guztien artean, ostegunero, BeleixeGuaixeko txartela dutenen artean sari eder bat zozketatuko dugu. Sarituen berri Guaixe astekarian argitaratuko dira agorrilera arteko ostiraletan.

1550 txarteldun
Bierrik Fundazioak sustatzen du BeleixeGuaixe txartela eta haren erabilerari bultzada emateko antolatu du Txartel Freskagarria kanpaina. Fundazioaren babesle diren 1.550 sakandarrei gonbitea luzatu zaie heldu diren hiru asteetan atxikiak dauden establezimenduetan erosketak egin eta euren txartela erakusteko eta zozketan parte hartzeko.

BeleixeGuaixe txartelaren jabeek erosketa ondoren datuak emate hutsarekin hiru sari ederren zozketan sartuko dira. 1.550 dira Bierrik Fundazioaren babesleak. Guztiek erosketa txiki bat eginda ere Sakanako establezimenduei bultzada ematen diote. Aldi berean, ibarrean erostean sakandarren arteko harremanak ere sustatzen dira, herriei aberastasun soziala emanez. Sakanan erosiz gure herrietako jarduera eta dinamismoa suspertzen ditugu eta, gainera, orain saria irabazi dezakegu.

Txartela martxan jartzearen arrazoietako bat hori izan zen. Eta, harekin batera, Sakanan 20 urtez euskarazko hedabideak (Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia, FM 107,3) sustatzen duen Bierrik Fundazioaren auto-finantziazio maila igotzea. Fundazioko babesleei txartelaren bidez establezimenduetan abantailak eskaintzen zaizkie.

BeleixeGuaixe txartela lortzeko
Txartel Freskagarria kanpaina martxan jartzearekin batera, atxikitako establezimenduetan txartelaren abantaila guztiak jasotzen dituen esku-orria eskuratu daiteke. Haren atal batean bazkide egiteko fitxa ere egonen da. Bestela, 948 564 275 eta 948 562 107 telefono zenbakietara edo www.guaixe.eus atarian sartu eta Bierrik Fundazioko bazkide/babesle egin. Urteko 50 euro ordaindu behar dira eta trukean etxean txartela jasoko du.

BeleixeGuaixe txartela erabili daitekeela dioten identifikatzaileak daude establezimenduen sarreretan. Erosketak Sakanako dendetan egiten dituzten babesleek erraz errekuperatuko dute ordaindutakoa. Gainera, errenta aitorpenean %25 desgrabatuko du foru administrazioak.

Laburrean
1.    BeleixeGuaixe txartelako abantailak dituen establezimenduetan erosketa egin.
2.    Txartela erakutsi. Izen-abizenekin eta kontakturako telefonoarekin paperak egin.
3.    Ostegunean zozketa.
4.    Ostiralean Guaixe astekarian sarituaren berri emanen da



Sariak eta zozketa datak*
Garilak 16, osteguna
Urdiaingo Kaluxa jatetxean 2 lagunendako bazkaria.
Altsasuko Gixane Estetika zentroan, alaitasunaren peeling-a.
Artazako kanpinean 2 lagunendako gau baterako egonaldia eta Finlandia sesioa.

Garilak 23, osteguna
Arbizuko Olatzea jatetxean bi lagunendako bazkaria.
Lakuntzako Ederne ileapaindegi eta estetika zentroan makilaje sesioa.
Urbasa Abentura parkean bi lagunendako sarrerak.

Garilak 30, osteguna
Altsasuko Iru Bide jatetxean bi lagunendako bazkaria.
Etxarriko Lizardi estetika zentroan aurpegiko lifting-a.
Urdiaingo Errotainen 2 lagunendako zaldi ibilaldiak.

*Sarituen izen-abizenak Guaixe astekarian argitaratuko dira.