Sakanako plaza digitala

Guaixe 2015ko uzt. 14a, 19:50

www.guaixe.eus web guneak helburu hori du eta sakandarren parte hartzea sustatzeko web-are tresnetako bat komunitatea da. Haren kide nola egin azalduko dugu bihartik aurrera hurrengo hiru asteazkenetan Altsasuko azokan, 11:00etatik 13:00etara.

Guaixe.eus Sakanako herritar, erakunde eta talde guztiendako leiho irekia da. Web orriak parte-hartzea eta elkar-eragintza bideratu eta forma emateko Komunitatea izeneko gunea du. Guaixe.eus-eko Komunitatean edozeinek kontua ireki eta artikulu, argazki eta galeriak igo ditzake. Komunitateko partaideak eurak kide izateaz aparte, berriemaile eta ekintzaile bilakatzen dira horrela, eta baita albiste iturri. Guaixe.eus ireki eta parte-hartzaileagoa bilakatzen du Komunitateak.

Hala, gizarte, kirol eta kultur taldeek euren jardunaren berri Sakana guztiari emateko aukera eskaintzen du. Edo norberaren errezetak, ikerketak, artikuluak eta bestelakoak zabaltzeko ere. Edozein sakandar, dagoen tokian dagoela, informazio eta iritzi sortzaile bihur daiteke. Leiho ireki horri esker, Komunitateari esker, Guaixe.eus sakandarren ataria da, informaziorako, entretenimendurako eta komunikaziorako. Sakanaz euskaraz sarean aritzeko sakandarren topalekua, azken finean.

Gonbitea
Oinetako, arropa, fruta, barazki, etxe tresnak eta bestelakoen artean heldu diren hiru asteazkenetan Altsasuko azokan Guaixe.eus-en eskaintza freskoa izanen da. Bierrik fundazioko kideak azokara joanen dira eta interesa duen guztiari Komunitatea ezagutu eta bertako kide egiteko aukera emanen dio.  Sakandarrek edo ibarreko taldeek eta erakundeek euren profilak sortu eta, haren bidez, euren argazkiak, argazki galeriak, testuak, bideoak eta audioak partekatu ditzakete. Gainera, iruzkinak egiteko aukera ere ematen du.

Sakandar euskaldunok, euskaraz bizi garenok, bizi nahi dugunok euskarazko komunikabideak behar ditugu: gure berri izan eta zabaltzeko; gure existentzia, bizitasuna, bizinahia, bizipenak eta bizipozak konpartitzeko; komunikatuta bizi eta komunitate izateko. Sakanako euskaradunen komunitatea trinkotu, saretu eta indartzeko tresna Guaixe.eus eta bere Komunitatea. Gure hizkuntzan bizitzeko espazioa eta unea eskaintzen du.

Gainera, Aztiker etxeak egindako ikerketak erakusten dutenez, Guaixeren eragina ez da Sakanako euskarazko komunitatera mugatzen, erdaldunengan ere eragin positiboa du, euskarara hurbiltzeko motibazioa izan daiteke. Eginez eta eraginez euskaraz biziko den herria eta ibarra lortuko dugu horrela. Auzolanean eta elkarlanean. Azken Korrikaren leloa gogoa ekarriz, ahaldundu gaitezen.

Egutegia
Garilak 15
Garilak 22
Garilak 29

Informazio gehiago:
www.guaixe.eus