Sanferminek utzi dutena: Nazabal-Kañamares hirugarrenak binakako aizkora txapelketan eta Beltza Nafarroako II. mailako finalera sailkatuta

Guaixe 2015ko uzt. 13a, 10:18

Gaur 3. Mailako aizkora txapelketan Uria eta Agirre lehiatuko dira

Igandean jokatu zen Nafarroako Bikotekako Aizkora Txapelketa, Iruñeako Foru plazan. Azkenaldian txapelketetatik kanpo egon ondoren, Floren Nazabal txapeldun handia atzera ere lehian ikusteko aukera egon zen. Etxarriarrak Julen Kañamaresekin osatu zuen bikoa eta Jon Rekondo-Ruben Saralegi eta Ander Erasun-Donato Larretxea izan zituzten arerio. Bikote bakoitzak sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar izan zituen eta txapeldunak Jon Rekondo eta Ruben Saralegi izan ziren (22:12), Ander Erasuni eta Donato Larretxeari 22 segundo aterata. Nazabal eta Kañamares hirugarrenak izan ziren (24:34).

Goizeder Beltza Nafarroako II. Mailako final handira
Ostiralean Nafarroako II. Mailako Aizkora kanporaketa jokatu zen. 11 aizkolari lehiatu ziren, hiru sakandar tartean: Goizeder Beltza eta Juan Jose Erdozia etxarriarrak eta Iban Resano dorrobarra. Haiekin batera Manolo Kañamares, Aitor Senosiain, Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Jesus Etxeberria, Xabier Mindegia, Migel Angel Etxeberria eta Mikel Indakoetxea lehiatu ziren. Guztiek bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat erdibitu zituzten.

Asier Pellejero izan zen azkarrena (7:44), Aitor Senosiain (7:55), Manuel Kañamares (8:24), Eneko Saralegi (8:44) eta Goizeder Beltza (8:57) aizkolarien aurretik. Lehendabiziko bost aizkolari hauek lortu zuten final handirako sailkatzea. Iban Resano 6.a izan zen (9:03) eta Juanjo Erdozia 7.a (9:21), eta finaletik kanpo geratu ziren, Mikel Indakotxea, Xabier Mindegia, Migel Angel Etxeberria eta Jesus Etxeberriarekin batera.

Nafarroako 3. mailakoan bi sakandar lehiatuko dira gaur: Uria eta Agirre
Gaur, astelehen eguerdian, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Iruñeako Foru plazan. 8 aizkolari lehiatuko dira, Abel Uria olaztiarra eta Iosu Agirre arbizuarra tartean. Joxean Etxeberria, Oier Kañamares, Esteban Pikabea, Koldo Garcia, Moises Gogorza eta Xuban Kañamares dira gainontzeko partaideak. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte.