Korrikalari sakandarrak puntan

Guaixe 2015ko uzt. 14a, 13:08

Maiza eta Munarriz Goierriko 2 Handietan.


Pelaezek Ehunmilak osatu zuen (168 km) eta Maiza eta Munarriz 18.a eta 19.a izan ziren Goierriko 2 Handietan (88 km)

Asteburuan jokatu dira, Beasainen, VI. Euskal Herriko Ehunmilak ultratraila (168 km), Goierriko 2 Haundiak traila (88 km) eta Marimurumendi Maratoia (42 km). Ehunmilak ultratrail gogorrean besteak beste Izazpi, Hirukurutzeta, Erlo, Ernio, Txindoki, Ganbo, Aizkorri, Andraitz eta Lierni gainditu behar izan zituzten, 11.000 metroko desnibelarekin. 157 korrikalarik osatu zuten proba, Imanol Aleson azkoitiarra (24:11:29) eta Jaione Sasieta (32:27:54) buru zirela. Jone Pelaez altsasuarra 122. izan zen helmugan, proba burutzeko ia 41 orduan lanean egon eta gero (40:41:21). Emakumeetan seigarrena sailkatu zen altsasuarra.

Aldiz, 364 korrikalarik osatu zuten Goierriko 2 Handiak proba (88 km). Lazkaomendi, Txindoki, Ganbo, Aizkorri, Andraiz Zerain eta Liernia gainditu zituzten. Azkarrenak Iokin Garai oñatiarra (10:12:50) eta Silvia Trigueros abadiñarra (12:15:34) izan ziren. Joxeja Maiza eta Aritz Munarriz etxarriarrak batera iritsi ziren helmugara, 18. eta 19. Postuetan, biak denbora berean (12:12:22). Xabier Bergera 109.a izan zen (14:57:41), Sergio Goñi 154.a (16:03:44), Aitor Salinas 186.a (16:32:17) eta Oihan Mendinueta 210.a (16:57:30). Marimurumendi maratoiko helmugan ez zen sakandarrik iritsi.