Etxeberria, Lasa eta Aramendia Nafarroako selekzioarekin Lorcan

Guaixe 2015ko uzt. 14a, 13:30

Maialen Aramendiak brontzezko domina lortu zuen erlojupekoan

Asteburuan Espainiako Kadete Mailako Txirrindularitza Txapelketa jokatu da Lorcan (Murcia). Guztira 500 txirrindulari lehiatu dira, 18 selekziotan banatuta. Nafarroako selekzioarekin aritu dira Burunda klubeko Josu Etxeberria eta Ailetz Lasa eta CAF taldeko Maialen Aramendia.
Gizonezkoetan, taldekako erlojupekoan 12.a sailkatu zen Nafarroa. Bestalde, lineako lasterketan fin ibili ziren sakandarrak. Josu Etxeberria ihes eginda egon zen, baina 20 kilometroren faltan harrapatu zuen tropelak. Ivan Cobo kantabriarra izan zen garailea (1:28:58), eta segundo batera sartu zen tropel nagusia. Tartean zeuden Josu Etxeberria, 12. postuan, eta Ailetz Lasa 17. postuan.

Maialen Aramendia brontzezkoa erlojupekoan
Emakumezkoen erlojupekoan (7,5 km) Valladolideko Isabel Martin izan zen txapelduna (11:29), Salomé Mazuela andaluziarrari 3 segundo eta Maialen Aramendiari 5 segundo aterata. Brontzezko domina jantzi zuen Maialenek. Lineako lasterketan podiumera igotzeko zorian egon zen iturmendiarra. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Valentziako Alba Gomez nagusitu zitzaien Gaztela Leongo Isabel Martini eta Euskadiko Dolores Gomezi. Nafarroako Maialen Aramendia laugarrena izan zen.

Beste probak
Fontellasen kadete mailako lasterketa jokatu zen igande goizean. Burunda klubeko Quesos albeniz taldeko Hodei Zia hirugarrena iritsi zen helmugara eta tarteko helmugen sailkapena irabazi zuen.
Juniorrek, berriz, Zornotzan izan zuten lasterketa igandean, 126 km-ko proba gogorra, Euskal Herriko txapelketarako baliagarria den azken aurreko proba. Quesos Albenizeko Eneko Aramendia 9.a iritsi zen helmugara. Eta Zaragozako Juan Alberto taldekideak Aragoiko txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen. Bukatzeko, Aralar eta Burunda klubetako eskoletako neska-mutilek larunbat arratsaldean lasterketa izan zuten Unzuen.